Pentsioak duinak eta behin betikoak izan daitezen

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 19a

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zortzi urte bete ditu eta herriz herriko ekitaldiak egiten ari dira denbora horretan egindako bidea eta lortutakoa aldarrikatzeko, baita lortzeke dagoena gogoratzeko ere. Lasarte-Oriako talde eragileko kideak Okendo plazan elkartu dira eta gaur-gaurkoz egoera nola dagoen errepasatzeaz gain 'Behin betiko' abestu dute, egunen batean pentsiodun izango diren lau gaztetxorekin. Izan ere, jubilatuta daudenek ez dute beraientzako soilik borrokatzen, belaunaldi gazteagoengatik ere bai.

Arratsaldeko zazpiak jo dutenerako hasi dira pentsiodunen taldeko ordezkariak eta Xumela koruko kideak Okendo plaza betetzen, azken horiek entseatzera joan aurretik. Pentsio eta bizitza duinen aldeko borroka nola dagoen errepasatu baino lehen lau gaztetxo hurbildu zaizkie eta eurekin kantatu nahi dutela esan diete. Gustura hartu dituzte taldean eta Behin betiko kantatu dute, moldaketatxo batekin: "Euskaraz Euskal Herrian" beharrean, "Pentsiodunak aurrera" esan dute. Amaitzean, Xumelako zuzendari Josu Txapartegi Txapas neskatoei zuzendu zaie eta egunen batean, pentsiodunak direnean, gaurko ekitaldia oroitzeko eskatu die. Horrekin batera, honakoa azpimarratu du: "Ahaztu egiten zaigu batzuetan baina pentsiodunok ez dugu gugatik soilik borrokatzen, baita belaunaldi gazteagoengatik ere". 

Josu Txapartegi 'Txapas', lau neska gaztetxoekin abesten.

Gure herrikoa bezalako beste ekitaldi ugari egin dituzte herriz herri. Gipuzkoako Pentsiodunen taldeak honako adierazpen hau zabaldu du gaur, zortzi urteko ibilbidea testuinguruan jartzeko:

"Zortzi urte bete dira 2018an pentsiodunek manifestazio handiak egin zituztenetik. 2011ko eta 2013ko erreformen murrizketen eta pentsioen izoztearen ostean, 2018rako %0,25eko igoera barregarria izan zen basoa bete zuen tanta.

Pentsiodunen haserreak Hego Euskal Herriko eta Estatuko hainbat hiritako kaleak bete zituen, PEI Pentsioen Errebalorizazio Indizea (0,25) indargabetzea eta Jasangarritasun Faktorea indarrean ez jartzea lortuz. Ezinezkoa zela esan zutenek (PP) Gobernua utzi behar izan zuten.

"Lehen helburuak lortuta, mobilizazioekin sortutako EHPMk aurrera jarraitu zuen, aldarrikapen oinarrizkoak eta ezinbestekoak planteatuz. Pentsioen zenbatekoa soldataren %60ra murriztu nahi duten murrizketen erreformak indargabetzea, Pentsioen Sistema Publikoa (PSP) gure belaunaldiarentzat eta hurrengoentzat bermatzea, pentsioetan genero-arrakalarekin amaitzea
eta gutxieneko pentsio duinak eta nahikoak".

Urte hauetan zehar, mobilizazio ezberdinak antolatu ditugu helburu hauek lortzeko eta murrizketa berriak ezartzea ekiditeko. Aurrera egin dugu, baina bidea dago egiteko lortutakoa atzeraezina izan dadin. Pentsioak murrizten ari dira, erretiro-adina handitzen, eta gutxieneko pentsioak miserableak dira oraindik.

Gutxieneko pentsio duinen aldeko borrokak helburu utziezina izaten jarraitzen du. EAEko eta Nafarroako 178 udalek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek 1.080 euroko osagarriaren alde egin zuten. Ondoren, EAEn, aldarrikapen hori lege proposamen bihurtu zen EAEko Legebiltzarrean, 2024 amaieran aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearein, bertan Gutxieneko Pentsioa Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko eskatzen genuen, pentsioen osagarri bat bermatu ahal izateko.

Gaur egun, Nafarroako Foru Erkidegoko (NFE) pentsiodunen % 37,8k eta EAEko % 31,9k LGS lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako pentsioak dituzte. Horietatik emakumeak dira % 65,5 Nafarroan eta % 66,7 EAEn. 2026rako igoerarekin, erretiro- eta alargun-pentsioa 936 eurokoa da hamalau ordainsaritan, eta kotizazio gabekoak, 621 eurokoa; 220.000 pentsiodunek gero eta zailtasun handiagoak dituzte bizi-baldintza duinak lortzeko, eta datu horiek gezurtatu egiten dituzte pentsioak nahikoa direla dioten diskurtso interesatuak. Egungo KPIak ere ez du islatzen pentsiodun askorentzat bizitzaren kostuaren igoera.

EAEn arrakastatsua izan da Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozkatzea eskatzeko EHPMk egin duen kanpaina. Baina dinamika eta parte-hartze sozial horri guztiari betoa jarri dio EAEko gobernuaren eta berau babesten duten EAJ eta PSEren, erabakiak. Beren botoekin Herri Ekimen Legegilea Parlamentuan eztabaidatzea eragotzi dute. Demokrazia partehartzailearen, gobernantza kooperatiboaren eta abarren aldeko aldarrikapenak paper bustia baino ez dira.

Nafarroako Parlamentuak gutxieneko pentsioaren osagarria 1.100 eurora igo du 2026rako, hamalau ordainsaritan; positiboa da, baina ez da nahikoa, bereziki eskatutako baldintzengatik.

Astelehen honetan, hilak 19, ohiko mobilizazioetan zortzi urteko borroka ospatzen dugu, eta gaur egungo pentsiodunek eta erretiroa hartuko dutenek, dozenaka urteko lanaren ondoren, bizitza duina izan dezaten nahi dugu".