Gipuzkoako Xake taldeen Liga hasi da. Urtarrila eta martxoa bitartean astebururo lehiaketako lehen fasean murgilduta egongo dira Taula Xake klubeko kideak. Iazko bigarren mailako ostean, aurten Lasarte-Oriako elkarteak hiru talde izango ditu lehian maila ezberdinetan: I., II. eta III. Kategorian. Guztiak euren lehiaketako bigarren multzoan ariko dira lehian.
I. mailako taldea estreinakoz ari da lehian kategoria horretan eta sei aurkari egingo die aurre: Alfil B, Zaleak A, Altuna eta Uria, Santikutz A, Arrasate-Arlutz B eta C.
II. kategorian ere sei talderekin neurtu beharko dituzte indarrak herritarrek: Hondarribia Marlaxka C, Agustin de Leiza B, KBI Zumaiako B, Gros J eta I, Salto Bidasoa C eta Astigarraga B.
Hondarribia Marlaxka D, Salto Bidasoa D, Gros K eta L, Astigarraga C eta D eta Beraun Berako C, D eta E taldeak, aldiz, III. mailako ordezkarien lehiakide izango dira.
Puntuak eskuratuz
Txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten guztiek hilaren 10ean. Norgehiagoketan nagusi izan ez ziren arren, Lasarte-Oriako taldeko ordezkariek sailkapenean baliagarriak diren puntuak eskuratu zituzten.
Lehen taldea Mikel Inmobiliariaren aurka lehiatu zen etxean, Blas de Lezoko lokalean; aurkaria 1,5-2,5 gailendu zen. Miguel Mari Barojak eta Daniel Vegasek euren lehiak irabazi eta berdinduz eskuratu zituzten herritarren puntuak, hurrenz hurren. Tauletako batean, gainera, Felix Manso herritarra izan zuten aurkari; Daniel Barrosek ezin izan zuen garaitu.
Bigarren mailako kideek ez zuen zorterik izan Zumaian. KBI Zumaiako Bko jokalariak gailendu ziren partida guztietan eta Taulako ordezkariek ezin izan zuten sailkapenean punturik gehitu.
Azkenik, herriko klubeko hirugarren laukoak Hondarribia Marlaxka D izan zuen aurrez aurre Hondarribian. Etxekoak izan ziren garaile bi partida irabazi eta batean parra egin ostean. Taulari dagokionez, Ander Etxaurik lortu zuen berdinketa eta Borja Granadok bere lehia irabazi zuen.
Lehia hasierako hitzorduen ostean, hilaren 17an, Taula Xake klubeko kideek bigarren saioa dute. Legazpira egingo dute bidaia lehen mailako ordezkariek; Blas de Lezoko lokalean, aldiz, Gros J eta Beraun Bera-C izango dituzte aurkari bigarren eta hirugarren taldeek, hurrenez hurren.