Aipatu moduan pilota taldeko federatuek Udaberri txapelketan murgilduko dira.
Eskuzko modalitateko Kadete Mailako II. mailako bikoteak dagoeneko jokatu du lehen jardunaldia eta emaitza ederra izan zuten; Markel Lopez eta Ekhi Maizek Aloña Mendi 2 0-2 (3-10 eta 4-10) gainditu zuten.
Lau bikote gehiago izango ditu pilota taldeak lehiaketa honetan. Eskuzko Kadete I. mailako, Nagusien 2. mailako zein palako 2. mailako bikoek hilaren 16an eta 17an izango dituzte urteko lehen lehiak; Kadete nesken ordezkariak, aldiz, hilaren 25eko asteburuan hasiko dira.
Biko lehiarekin jarraituz, pilota eskolako gaztetxoek Errendimendu mailako lehia hasi dute. Infantil I. zein 2. mailan eta alebin 3. kategorian izango ditu lehiakideak herriko taldeak.
Zaharrenek lehia hasi eta emaitza ezberdinak izan zituzten. Etxetik kanpo jokatu zuten Oier Jauregik eta Orioko Julen Sagastibeltzak hilaren 9an; Ziotzako ordezkariekin indarrak neurtu eta 11-18 nagusi izan ziren herriko ordezkariak.
Alebinek hilaren 17an etxean dute hasierako hitzordua; Alde Zaharra 2 izango dute aurkari.
Bi egunetara III. mailako lehia izan zen Michelim kirol guneko pilotalekuan. Iker Garciak eta Axular Ibarzabalek Zarautz 1 izan zuten aurrez aurre. Nahiz eta herritarrak ederki jardun, aurkariak 10-18 gailendu ziren.
Palan bakarka
Horrez gain, taldekide Iker Artetxek lehenengoz zazpirainoko gomazko pilotako pala txapelketan parte hartuko du. Nagusien 2. mailan, EPLEko Agirreren aurka aritu zen lehen jardunaldian eta nagusi izan zen herritarra; 4-25.
Multzoko lehiari egingo dio aurre hil honetan eta sailkapeneko lehen bi postuetan geratuz gero, otsailean bigarren faseko kanporaketak.