Berria egunkariari emandako elkarrizketa batean egileek azaldu dutenez, "gastatuta" dago pertsona horren izendapen popularra, Altzoko Handia. Horregatik, erabaki zuten Mister Eleizegi gisa izendatu behar zutela: "Ingelesez ez dakigunok badakigu Mister hitzak misterioa esan nahi duela eta horrek indartu egiten du Altzoko artistaren kalitatea.
Disko horren bidez Altzoko Handiaren aldartea aztertzeko saioa egin dute, eta, Tapiaren zein Izagirreren ustetan, horrek egiten du berezi. "Ikerketa zientifikoetatik urrun eta sentimenduetatik gertu" ibili dira, "nortasun intimo posible batetik".
Bederatzi abestik osatzen dute 43 minutu pasatxo irauten dituen Mister Eleizegi diskoa: Arrunta, Hordago, Altzoko sermoia, Lady Sagar, Tamesis, Europako motzak, Astoak arrantzan, Ni haizen hau eta C'est fini.
Lan hori erosi nahi dutenek denda fisikoetan nahiz sarean eskura dezakete, 16 euroren truke. Horrez gain, Joseba Tapiaren atari digitalean osorik entzun dezakete, esteka honetan.