Hilaren 22ko zozketan "gardentasuna eta aukera berdintasuna" bermatuko dituztela azpimarratu dute udal ordezkariek. "Autokontsumoa, jasangarritasuna eta ingurune naturalarekiko errespetua" sustatzera bideratutako proiektua dela gehitu dute.
Plazaolako landa gunean dauden baratzeak esleitzeko deialdia joan den urteko irailaren 23an onartu zuten. Eskaerak egiteko epea zabaldu zuten orduan, urriaren 15era arte. Aste batzuk geroago, azaroaren 3an, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren berri eman zuen erakundeak eta bost egun natural eman zizkien herritarrei erreklamazioak aurkezteko.
Tarte horren barruan erreklamazio bat erregistratu zuen herritar batek eta onartu egin zuen udaleko Hirigintza saileko buruak. Horren ostean publikatu dute behin betiko zerrenda.