Kadete Errendimendu taldeak Euskal Ligarako igoera lortu du

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 13a

Kadete Errendimendu Urreko Euskal Ligako igoera jokatu zen hilaren 10ean eta 11n. Ostadar SKTko gaztetxoek asteburu zirraragarria bizi izan zuten; bi jardunaldietan lepo bete zen Maialen Chourraut kiroldegian. Lehen kanporaketan, Krean Ointxe! gainditu eta finala ZAST Attack-en aurka jokatu zuen herriko taldeak. Urduritasunak eta akatsek aurkariak errenta hartzea ekarri zuen, baina markagailuari itzulia emateko gai direla erakutsi zuen Jonatan Reino eta Beñat Eleiceguiren jokalariek. Eta Euskal Ligarako txartela eskuratu zuten bigarrengoz; iaz ere taldeak maila horretan eman zion amaiera ikasturteari

Lehen norgehiagoka Arrasateko Krean Ointxe! taldearen aurka jokatu zen taldeak. Reino prestatzaileak azaldu duenez, "Krean Ointxe! asko hobetu duen taldea da, baina une honetan ez dago gure mailan". Nahiz eta lehen laurdena lehiatua izan, etxeko taldea jokoaz nagusitu eta nabarmena izan zen talde baten eta bestearen tarteko aldea; 78-27 amaitu zen neurketa.

Hurrengo egunean, bestelakoa izan zen egoera kantxan. Ligan partida bat irabazi zion ZAST Attack izan zuen aurrez aurre Ostadarrek.

Lehen laurdenean, zarauztarrek kantxan martxan jarritako planteamenduak eta urdin-beltzen urduritasunak akats ugari egitea ekarri zuen. Ondorioz, abantaila txikia hartu zuen aurkariak; 7-16. 

Urduritasuna areagotzen joan zen etxekoen artean, baina aurkariek errenta handitu ez zezaten lanean jarri ziren. Presio lan on batek arnas pixka bat eman zion taldeari, baina erasoan ez zuten asmatzen Reino eta Eleiceguiren jokalariek.

Hirugarren laurdenaren erdialdean, Zarautzek hamazazpi puntuko aldea ireki zuen. Etxekoak ez ziren buru makur geratu eta defentsa lan on bati esker, errenta hamabira murriztea lortu zuen etxeko taldeak.

Azken hamar minutuak hil ala bizikoak ziren Ostadarrentzat; jokalariak zentratu eta erasoak tanto bilakatzea lortu zuten. 

Sei minuturen faltan, etete baten ostean, presioa ezarri eta intentsitate handiz jokatu ziren etxekoak. Defentsan lapurtutako baloi pare bati esker, aldea txikitu zuten. Joko aldaketaren ondorioz, Zarautz trabatuta aurkitu zen. Egoera horrek konfiantza eman zien urdin-beltzei eta jokaldi pare baten ostean, aurretik jarri zen etxeko taldea.

Aurkariak erantzun zuen eta hiruko errenta irekitzea lortu zuen, baina arbeleko jokaldi batek eta hurrengo erasoan egindako lapurreta batek azken laurdena hastean pentsaezina zena ekarri zuen; Ostadarren garaipena (64-57).

Kadete Errendimendu taldea eta prestatzaileak, igoera lortu ostean. Arg.: Ostadar Saskibaloia.

Euskal Ligan berriro

Era honetara, Kadete Errendimendu taldeak urteko helburua bete duela onartu du taldeko prestatzaile Reinok.  Maila horretara iritsita, xedea jokalariak hobetzen eta garatzen jarraitzea izango dela nabarmendu du: "Partidak lehiatzeko taldea daukagu eta lehiaketak jarriko gaitu dagokigun tokian. Ahal ditugun lehia gehienak irabazten saiatuko gara, baina disfrutatzea eta ikastea dugu buruan".

Hilaren 25ean hasiko dute Euskal Ligako ibilbide berria. A-2 multzoan egongo da Ostadar SKT. Aurkariak zehaztu gabe dauden arren, lehen jardunaldia gogoz prestatuko du kadete taldeak.

* Galeriako irudiak Krean Ointxe!-ren aurkako neurketakoak dira.