Igerilekua aurreikusitako epean irekitzea espero du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 12a

Udal igerilekua hutsa.

Lasarte-Oriako Udalak jakitera eman duenez, Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuko sabai aizuna kentzeko lanak aurreikusitako egutegiaren arabera doaz. Abonatuei itxiera egunengatik itzulketa egingo zaiela eta 2026 urtekoak instalazioa irekitzean kobratuko direla ere aditzera eman du

Lasarte-Oriako Udalak igerilekuko konponketa lanak normaltasunez egiten ari direla, eta, "ezustekorik gertatzen ez bada, bi asteko epean amaitzea" aurreikusten dela aurreratu du prentsa ohar bitartez.

Ireki aurretik, ontzia bete eta uraren osasungarritasuna bermatzeko ezinbesteko urratsak egingo dituztela ere ohartarazi dute.

Alkate Agustin Valdiviak zerbitzu teknikoen lanen jarraipena nabarmendu: "Gure helburua da igerilekua lehenbailehen berrirekitzea, baina betiere erabiltzaileentzako segurtasun eta kalitate berme guztiekin”.

Itzulketak eta abonuak

2025 eta 2026 urteetako abonamenduen berri ere eman du erakundeak.

Udalak baieztatu du 2025ean erregistratutako 41 itxiera egunekiko proportzionala den zenbatekoa itzuliko duela; itzulketa dekretua eta zenbatekoen kalkulua tramitatzen ari dira. Horren arabera, epe laburreko ikastaroei dagokionez, bertan behera utzi ziren ikastaroetan erabili ez ziren egunak itzuliko dira. Urte osoko ikastaroen kasuan, baja eman zutenek eta beste jarduera batzuetan jarraitu zutenek dagokien diru itzulketa jasoko dute.

Era berean, herritarrei eragozpen ekonomikoak saihesteko, 2026ko abonuak behin betiko irekiera data egon arte ez direla kobratuko jakitera eman dute. Izan ere, urteko abonuaren gaineko deskontu proportzionala kalkulatuko du erakundeak.

Abonamenduaren erreziboa helbideratua dutenek, ez dute inolako tramiterik egin beharko; automatikoki egingo da. Gainerako erabiltzaileek zenbatekoa finkatutakoan, ordaintzeko epe bat izango dute.

Goizalde Pildain Kirol zinegotziak kasu bakoitza zorrotz eta ekitatez kudeatzen ari direla adierazi du: "Nahiago izan dugu behin betiko datuak izan arte kobrurik ez jaulkitzea, akatsak saihesteko

Horrez guztiaz gain, 2026ko alta berrien sisteman atzemandako arazo teknikoak konpontzeko bidean daudela ere jakinarazi du Udalak eta auzokideen ulermena eskertu du.