Urtea bukatu aurretik aurtengo aurrekontuei buruzko ezohiko bilkura egin zuten udal korporazioko kideek. Horretan, besteak beste, Atsobakarreko kirol gunearen egitasmora bideratzeko "partida berriak" daudela jakinarazi du Tolosak, "azpiegitura horrek dagoeneko metatuta duen kostua (7.200.000 euro) are gehiago igoko dela iradokitzen dutenak". Horren aurrean, udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJ alderdien jarduna kritikatu du, udalbatzar horretan nahiz beste agerraldiren batean ez dutelako jakinarazi zein den aurreikusi duten behin betiko kostua. "Gardentasuna" eskatu die ELOPen bozeramaileak.
Tolosaren aburuz, aurrekontuei buruzko bilkura horretako eztabaidan "kopuruak eta kontzeptuak" nahastu zituen Agustin Valdivia alkateak. "Lurzoduaren erosketa eta instalazioetarako partidetan jasotako zenbatekoak zifra bakar gisa aurkeztu zituen eta erantzun partziala eman zuen; ez zituen argitu aurreko zirriborroetako igoerak, azken asteetako aldaketak eta Atsobakarreko proiektuaren aurrekontuaren benetako bilakaera".
2017ko apirilean, 1.270.220 euro
Proiektu horren bilakaera eta garestitzea testuinguruan jartzeko, udalak 2017ko apirilean Lasarte-Oria lantzen aldizkarian egindako aurkezpena ekarri du gogora Tolosak. 1.270.220 euroko egitasmo baten berri eman zuen orduan, hiru urterako plan baten barruan. "Ez zen gutxi gorabeherako zenbatekoa, baizik eta herritarren aurrean aurkeztutako aurreikuspen ekonomiko zehatza", azaldu du. Ildo horretatik, adierazi du horrelako kasuetan "adierazitakoak baino askoz handiagoak" izaten direla kostuak, "berandu eta zatika" jakinarazi dituelako udal gobernuak urteotan.
Inbertsio publikoak "argitasunez" azaldu behar dituztela argudiatuta, ELOPek proiektu osoaren eta horri lotutako aurrekontu dokumentazio guztiaren kopia eskatuko duela iragarri du Tolosak, bai Hirigintza batzordean bai ostegun honetako ohiko udalbatzarrean.