Enbidoka eta hordagoka jardun ziren ostiral iluntzean 26 bikote, Lasarte-Oriako kanporaketan. 21:00etatik 22:00etara izen emateak egin zituzten eta ordu horretan hasi ziren musean jokatzen. Zenbaitek Xirimirin bertan egin zuten kartetan hasi aurreko afari-merienda.
Tantoz tanto eta ustelez ustel, aurrera egin zuten zenbait bikotek eta txapelketatik at geratu ziren beste batzuk. Guztien helburua martxoaren 7an izango den Gipuzkoako kanporaketa (Antzuolako udal pilotalekuan ariko dira, 15:00etatik aurrera) jokatzeko txartela lortzea zen eta lau bikotek lortu dute hori: Jon Begiristain-Javi Solchaga (irabazleak), Aitor Sanz-Alex Etxeberria (finalistak), Pablo Hernandez-Raul Palacios eta Gari Arteaga-Iñaki Olasagasti. Baten batek ezingo balu bertaratu, ordezkoak Imanol Gonzalez-Imanol Sanchez izango dira.
Gipuzkoakoa ez ezik, Euskal Herriko gainerako sei lurraldeetako kanporaketak ere martxoaren 7an jokatuko dituzte. Txapelketako final handia, aldiz, martxoaren 28an izango da Amasa-Villabonan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaile kopurua urtetik urtera handitzen ari da; aurtengoan 2.515 bikote parte hartzen ari dira, iaz baino 130 gehiago. Aurreneko edizioan, 2009koan, 1.120 jardun ziren.