Ostadar Saskibaloiko Kadete Errendimendu taldeak, Euskal Ligarako txartela jokoan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 9a

Abenduan jokatu zen Ostadar eta Luberriren aurkako neurketako irudia.

Ostadar Saskibaloia ataleko Kadete Errendimendu Urreko kideek lehia garrantzitsua jokatuko dute hilaren 10ean eta 11n; Euskal Ligarako igoera fasea. 

Herriko kadete taldeak sailkapeneko bigarren postuan amaitu du lehen fasea. ZAST Attack taldearekin 25 puntura berdinduta egon arren, talde urdin-beltzak aldeko eta aurkako tantoetan kopuru hobeagoak izan dituenez, gurutzaketa aproposagoa eskuratu du.

Lehen sailkatu Yoga Shala Askatuak taldeak zuzeneko txartela eskuratu duenez, hilaren 10ean eta 11n maila igoerako bigarren postua jokoan izango dute lau hautagaiek: Ostadar Alvite Arquitectura, ZAST Attack, Easo Basket Alvite Arquitectura eta Krean Ointxe. Azken horren aurka lehiatuko du talde urdin-beltzak hilaren 10ean; lehen fasean bi neurketak lasarteoriatarren aldeko izan dira.

Gaindituz gero, ZAST Attack eta Easo Basket Alvite Arquitectura taldeen arteko partidako irabazlearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak kadeteek.