Ostadar Boleiboleko ordezkariak, Gipuzkoako ligaren bila

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 9a

Euskal Ligako I. mailako partida bat.

Gipuzkoako kopa amaitu ostean, Ostadar Boleibola saileko ordezkariek urtarriletik Aste Santu bitartera Gipuzkoako txapelketako multzoko lehiari egingo diote aurre.

Koparen antzera, jubenil, kadete zein infantil mailako taldeak izango dira lehian; kadeteetan bi ordezkari izango ditu talde urdin-beltzak bata errendimendu mailan eta bestea partaidetzan.

Lehen jardunaldia hilaren 10ean jokatuko den arren, Ostadarrek talde bakarra izango du kantxan, jubenilak. Gainerako hiru taldeek atsedena izango dute.

Jubenilek kopan zazpigarren postuan amaitu ostean, gogoz ekingo diote txapelketa berriari. 

Lehen multzoan lehiatuko dira urdin-beltzak eta bederatzi talderi egingo diote aurre itzuli bakarrera. Lehena Aldapeta B izango da. Kopan ez dute elkarren aurka jokatu, baina 15. postuan amaitu zuen lehia Donostiako taldeak. 

Bigarren itzulia

Era berean, Euskal Ligako taldeek ligari jarraipena emango diote bigarren itzuliarekin eta iazko urtea amaitu modura, hasi nahi dute 2026a; garaipena eskuratuz.

Maialen Chourraut kiroldegiak I. mailako lehia interesgarria hartuko du hilaren 11n. Sailkapen buru den Ostadarrek bigarren sailkatu Getxo Etorki izango du aurkari lehen saioan. Puntu bakarreko aldea dute bi taldeek eta aurreko neurketan bizkaitarrak izan ziren garaile. Herritarrak arantzatxoa kendu eta errenta handitzeko lehiatuko dira.

II. mailako taldeak, aldiz, Nafarroan emango dio hasiera urteari. Navarro Villoslada ekipoaren aurka jokatuko dute urdin-beltzek, Iruñean. Etxean garaipena erdietsi zuen Ostadarrek.