Buruntzaldea IKTko igerilariek ederki eman zioten amaiera urteari abenduaren 20an. Txikiek, Lazkaon, euren mailatako lehiak izan zituzten eta absolutu mailako bi kideei dagokionez, Gabonetako 43. Nazioarteko Sarian parte hartu zuten.
Zehazki Ane Meyer eta Amaiur Iparragirre izan ziren abenduaren 29an, Ordizian, nazioarteko kirolariekin lehian. 50 m. eta 100 m. libre probetako kanporaketan bikain aritu ziren gazteak.
Meyerrek marka txukunak egin zituela azaldu dute entrenatzaileek; proba motzean, 29,71 eta 100 metrokoan, 01.07,73.
Iparragirre, aldiz, igerileku laburreko marka pertsonaletatik gertu ibili zen; 50 m. librean, 29,78 eta 100 m. saioan, 1.05,97.
Liga amaiera
Urtea hastearekin batera, absolutu, junior zein infantil kategorietako Buruntzaldea IKTko zein herriko igerilariak martxan jarri dira berriro eta hilaren 10ean, Neguko Ligako azken jardunaldia lehiatuko dute, Andoainen.
Hilabete amaieran jokatuko den Gipuzkoako txapelketarako markak eskuratzeko azken aurreko aukera izango dute kirolariek; azkena, hilaren 17an izango da Hernani Sarian.