Aurreneko ondorioa izan da hazi egin dela Lasarte-Oriako herri komunikabidearen komunitate digitala, 2024an baino erabiltzaile areagok nabigatu zutelako sareko edukietan barrena iaz; zehazki, 63.629 izan ziren, 2024an baino % 2,7 gehiago (61.928). Irakurle horiek guztiek, gainera, 166.050 saio gehiago hasi zituzten atari digitalean; aurreko urtean % 6,3 gutxiago (156.248) izan ziren. Hori horrela izanagatik, iazko bisitatutako orrialde kopuruak ez dira urte bat lehenago bezainbeste izan; jaitsiera % 3,7koa izan da (347.520 eta 360.803, hurrenez hurren).
Azken urteetan ohikoa izan den moduan, mugimendu gehieneko hilabetea ekaina izan zen: Zabaleta auzoko festak, sanpedroak, Sorgin Jaiak, eragile askoren ikasturte bukaeretako ekimen eta erakustaldiak, Ttakun Kultur Elkarteak antolatu ohi dituen Gure Patxintxiak sariak... Horiek guztiak eta gehiago kontsumitze aldera 26.734 saio hasi zituzten 13.372 erabiltzailek, orotara 55.774 orrialde bisitatuta. Norabide horretan, oparoak izan ziren maiatza eta urria ere.
Eduki irakurrienak
2025ean ikusmin gehien sorrarazi zuen albistea San Pedro Jaietarako udalak kontratatu zituen musika talde nagusiei buruzkoa izan zen. Aurreko urteetan ere asko mugitu zen berri hori baina iaz ohi baino geroago iragartzeak eragina izan zuen, inoiz ez baita horren bisitatua izan (2.816 ikustaldi, guztira). Herriko nahiz auzoetako festei buruzko beste artikulu batzuetan zehar ere irakurle ugarik nabigatu zuten, hala nola egitarauari buruzkoan edota Zabaletako ospakizun auzotarak iragarri zituenekoan.
Urtero gertatzen zaigun moduan, badira atsekabe handiz idatzi behar izaten ditugun albisteak: hilberrienak. Iaz oso irakurriak izan ziren Fede Otaegi Fino, Iñaki Yurramendi Pikolo edota Juan Luis Eizmendi Arsuaga herrikideen heriotzen ostean prestatu genituen artikuluak. Ez zaituztegu ahaztuko!
Zorionez, prestatu genituen artikulu guztiak ez ziren goibelak izan. Jakinarazi genuen, esate baterako, herritarrek badutela mendiaz gozatzeko beste aukera bat Upsala Kirol Klubaren bitartez, edota zuzen-zuzenean kontatu genuen zenbateko maitasun eta goxotasuna jaso zuten hiru sudurgorri maitagarrienek (Pirritx, Porrotx eta Marimototsek) Barakaldoko BEC aretoko jaialdi herrikoi erraldoian.
Artikulu hau ilustratzen duen azpiko zatiduran kontsulta dezakezuenez, hamar eduki irakurrienen zerrenda ixten duen albistea VOX alderdi ultraeskuindarraren etorrerari buruzkoa izan zen. Aurten gisa horretako pieza gutxiago edota bakar bat ere ez idaztea espero dugu; seinale ona izango da.
Eta adierazgarri bikaina izango da baita ere datorren urtean antzeko errepaso albiste bat idaztea TXINTXARRI aldizkariaren lantaldeak; udalerrian gertatzen denaren berri gertutasunez eta euskaraz ematen jarraitu dugunaren seinale. Horretarako, ezinbestekoa zaigu norbanako, erakunde eta iragarleek ematen diguzuen babesa, mota guztietakoa; eta kolaboratzaile zaretenon laguntza.Eskutik helduta jarrai dezagula erronkaz eta gertakariz lepo datorren urte berri honetan ere.