Ostadar SKTko Atletismo sailak ederki hasi du 2026 urtea. Euskadiko proba konbinatuetako podiumera igo dira taldeko hiru atleta. Eider Redondo 18 urtez azpiko mailako txapeldunorde izan da eta 16 urtez azpiko lehian, Nahia Garciak eta Amelie Floresek zilarrezko eta brontzezko domina jantzi dituzte, hurrenez hurren.
Bost probari egin zieten aurre Ostadarreko kideek: 60 metro hesi lasterketa, altuera jauzia, pisu jaurtiketa, luzera jauzia eta kategoriaren arabera, 600 m. edo 800 m. lasterketa.
Hiru kideak probaz proba lehen postuetan mantendu ziren eta azken lasterketa luzeari aurre egin baino lehen, Redondo eta Flores euren mailako buru ziren eta Garcia, aldiz, bigarren 16 urtez azpikoan.
Talde urdin beltzeko kideak ez ziren fin ibili ordea korrika saioan eta ondorioz, Barakaldo taldeko Claudia Rubiok 18 urtez azpiko txapela eraman zuen eta Sendoa taldeko Nora de la Cruzek, 16 urtez azpikoena.
Huek izan ziren herritarren emaitzak:
Eider Redondo 3043 puntu
|
Nahia Garcia 2259 puntu
|
Amelie Flores 2106 puntu
|
Lasterketetan ere primeran
Lasarte-Oriako San Silvestreaz gain, herritik kanpo ere hamaika tokitan izan dira Gabonetan lasterketak, hala nola, Donostiako Cross-Beachean, Gijongo (Asturias) Gabon gaueko 5k proban eta San Silvestrean edo Sodupekoan (Bizkaia) izan dira lehian herritarrak edo Lasarte-Oriako taldeetako kideak eta podiumera ere igo dira.
Mieresen (Asturias) F55 mailako bigarren postua eskuratu zuen Mari Carmen Olasok hilaren 27an lehiatu zen San Silvestrean eta Jon Presa ere bigarren izan zen urteari amaiera eman zion Sodupekoan.
Lehiaz lehia
Bestalde, Ostadar SKTko zein herriko hainbat atleta eta korrikalariek hitzordu garrantzitsuak izango dituzte hilaren 10ean eta 11n.
Lehen egunean, Donostiako Antonio Elortza belodromoan, pista estaliko 23 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketa lehiatuko da. Beste kategoriako kideek markak ontzeko probak ere izango dituzte eta herriko atletismo taldeak, esate baterako, hamahiru ordezkari aurkeztuko ditu arratsaldeko saiora.
Hilaren 11n, aldiz, lokatzera egingo dute jauzi herriko kirolariek. Maila ezberdinetako Kroseko Euskadiko txapelketa lehiatuko da Ortuellan (Bizkaia).