Ausartak eta Txalburuak, garaile

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 7a

Gabonetako txapelketako talde irabazleak Jon Martin eta Andrea Berganzarekin. Arg.: Txema Valles.

Herriko gabonetako txapelketako azken neurketak jokatu ziren hilaren 3an, Maialen Chourraut kirolegian. Bi asteko lehiaren ostean, ikuslez lepo bete zen harmaila final handiak bizitzeko eta taldeek ez zuten huts egin

Alebin mailan final zirraragarria izan zen. Euskal Samba eta Ausartak taldeek neurketa berdindua jokatu zuten. 3-3 amaitu ostean, penaltietan erabaki behar izan zuten garailea; Ausartak taldeak eraman zuen saria 2-3.

Infantil kategorian ere lehia handia izan zen Txalburu eta Galacticos de Montepinar taldeen artean. Azkenean, lehenek irabazi zuten gol batengatik. 

Jardunaldia borobiltzeko Real Sociedad taldeko Jon Martin herritarraren eta Emakumezkoen C taldeko Andrea Berganza jokalariaren bisita izan zuten eta euren kamiseten zozka egin zen. Biak lehiatu dira noizbait Eguzkiko txapelketan.