Exijitu dute salbuespen egoerak ezin direla gehiago luzatu

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 31

Manifestariak, Hipodromo etorbidean barrena.

Manifestazio jendetsua aurrera eraman dute Urtezahar egunean, erdigunean barrena. Lasarte-Oriako Sarek deitu du ekintza hori, batez ere, euskal preso, iheslari eta deportatuek oraindik ere pairatzen dituzten salbuespen egoerak etetea galdegiteko. Horrez gain, gogorarazi dute 34 urte behar izan dituztela agintariek euren aurkako "urruntze politika ankerra" bertan behera uzteko.

Urruntze politika amaitzeari dagokionez 2023tik "aurrerapauso nabarmenak" eman dituztela onartu duten arren, Sareko kideen iritziz beste bultzada bat emateko garaia da: "Gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesuaren azken txanpari ekin behar diogu". Horregatik, Ezin da gehiago luzatu leloa aukeratu dute gaurko ekintzarako. "Salbuespenak mantentzen dira eremu politikoan eta legeen arloan, non eskubideak murrizten dituzten legeak baitaude indarrean, beste garai batzuetan preso hauentzat propio onartu zirenak".

Norabide horretan, "gehiago sakondu" behar da azken urteotan orokorrean egin den aurrerabidean: "Inertziak hautsi, klitxeak eta aurriritziak baztertu, eta espetxe eredu aurreratu bati dagozkion irizpideak aplikatu behar zaizkie preso horiei".