IX. SAN SILVESTRE LASARTE-ORIA

Egun erraldoi baten hasiera

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025eko abenduaren 31

Motorrak ederki berotu ditugu San Silvestre Lasarte-Oria ospakizun egunaren aurreneko zatian, goizean. Blas de Lezoko lokaletik abiatu dira gaurko protagonista nabarmenetako batzuk, LOZET elkartekoak hain zuzen ere. Euren erraldoi eta buruhandiekin batera egin dute Okendora arteko ibilbidea Oaintxe in deu! txarangako musikariek eta Porrotx pailazoak. Iritsi direnerako mokadutxoa jaten eta tragoa edaten ari ziren zenbait herritar, pintxo-pote solidarioan. Eguerdiko hamabiak jo dutenean haurrentzako kanpaikadak jaurti dituzte eta bazkalordura arte luzatu dute festa. 15:30etik aurrera, gehiago.

Ortzadarraren banderarekin Porrotx iritsi denerako Blas de Lezo kalera, kalejiran abiatzeko prest zeuden LOZETeko nahiz Oaintxe in deu! txarangako kideak. Zenbait haur eta guraso ere dantzan hasteko irrikaz zeuden. Gehiago itxaron gabe, Geltoki kalean barrena desfilatu eta Okendo plazara heldu dira. Bertan, tarte batez atseden hartu dute erraldoiek eta txikienek aprobetxatu dute azpialdetik sartu eta izaki miragarri horien barruetan zer dagoen ikusteko.

Bitartean, pintxo-pote solidarioan banatzen hasi dira txorizo pintxoak eta orotariko edariak. Pare bat orduz aritu dira herritarrei hamaiketakoa ematen eta bildu duten dirua LOZETi berari emango diote, gaurko egunean bezalaxe beste askotan jarraitzeko herria alaitzen, iristear den 2026an eta hurrengoetan.

Eguerdiko hamabiak jo dutenerako oholtzara igo dira eragile horretako zenbait ordezkari eta Porrotxekin batera jaurti dituzte haurrentzako kanpaikadak. Ondoren, antolatzaileek goxokiak eta plastikozko baloitxoak banatu dituzte Okendo bete dutenen artean. Bukatzeko, Pausoka, pausoka eta Agur bat lagun maite abestu eta dantzatu dituzte. Azken kanta hori koreografia berezi batekin lagundu dute LOZETeko erraldoiek.

Tartetxo batez atseden hartu ostean, 15:30ean beroketa ariketak egingo dituzte ordu erdi geroago hasiko den lasterketa koloretsurako. Tartean, 1 zenbakidun dortsala eta merezitako aitortza jasoko dituzte Danok Kide elkarteko lagunek.