Mendizaleek sorgindu dute Buruntza

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 31

Mendizale ugari, aterpean. Argazkia: Gorka Mendizabal.

Urte bakoitza agurtzeko ohituren artean ohikoenetako bat da mendira igo eta tontorretik ongietorria egitea urte berriari. Bada, horixe bera egin dute dozenaka herritarrek gaur goizean, hotzari nahiz lokatzari aurre egin eta Buruntzara igota. Gailurra egin ostean metro batzuk azpirago dagoen San Roke baseliza alboko aterpean berritu dituzte indarrak, Ostadar SKTko Mendi saileko lagunek prestatu duten hamaiketakoari esker. Zenbaitek dantza ere egin dute, erromeriatxoan.

Bakarrik, kuadrillan edota taldean ugari izan dira goizean zehar Buruntzara igotzera animatu direnak. Sorgin Jaiak-ek, adibidez, 09:00etan jarri du hitzordua Zubipeko biribilgune parean eta sorginak giro ederrean igo dira, ttipi-ttapa. Tontorrera ailegatu direnean talde argazkia atera dute Sorginkeria bizirik eta aske! Ez dadila akelarrea eten lelodun kartelarekin. Iristear den urtea berezia izango da beraientzat, gure herrian festa eredu alternatibo eta herrikoia posible dela erakusten hasi zirenetik 25 urte beteko direlako.

Argazkia: Sorgin Jaiak.

Esan bezala, indarrak hartzeko eta goxatzeko aukera izan dute mendizaleek San Roke baselizaren alboan dagoen aterpean, tontorretik Andoain aldera jaitsi eta metro batzuetara. Salda, txorizoa, txokolatea, freskagarriak... eta baita trikitixa eta panderoa ere, hamaiketakoa egin bitartean ederki dantzatzeko.