Iñakiren gurasoek ireki zuten San Miguel okindegia, 1966an. Hori horrela, ia 60 urtez ezinbesteko zerbitzua eman dute Lasarte-Orian eta familia ugari elikatu dituzte tarte horretan. Iñakik eta Mikel anaiek hartu zuten gurasoen erreleboa duela hamarkada batzuk eta azken urteetan berak kudeatu du establezimendua, duela 36 urte bertan lanean hasi zen Milaren laguntzarekin. Egunero-egunero makina bat barra, baguette, ogi biribil, flauta edo txirula (zenbat jan ote ditugun txikitan!), pasteltxo eta bestelako gutiziak atera dituzte labetik.
Gaurko egunean egin dute azkenekoz ariketa hori, goizean goiz. Ondoren, okindegia ireki eta egindakoa saltzen hastearekin batera jasotzen hasi dira hunkituta zeuden bezeroen esker hitzak, besarkadak eta etorkizunerako mezu onak, noiz eta 2025eko Urtezahar egunean. Askotan esan ohi dugu norabidea aldatzeko garai aproposa dela urte aldaketa, "bizitza berri bati" ekitea barne. Ba horixe egingo dute San Miguelekoek bihartik aurrera: labea itxi, leihoa irekitzeko.
Zorterik onena eta eskerrik asko, Iñaki eta Mila.