Eskutitzen jasotzea, haurrei harrera eta kabalgata iragarri dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Urteroko ohitura berritzeko asmoz urtarrilaren 5ean iritsiko dira herrira Melchor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak. Ongietorri ederra prestatu diete Megaba elkarteko kideek, lasarteoriatarrek goizetik iluntzera arte disfruta dezaten.

Atsobakar egoitzako egoiliarrrak bisitatuta ekingo diote egunari. Bertakoentzako ekimen itxia denez, ordutegirik ez dute iragarri. 12:00etatik 13:30era, berriz, erregeen laguntzaileek gaztetxoen eskutitzak jasoko dituzte Okendo plazan.

Bazkalostean, Ama Brigitarren komentuan izango dira Melchor, Gaspar eta Baltasar, bertaratzen diren haurrekin hizketan. 15:45etik 17:00etara jardungo dira eta antolatzaileek jakinarazi dute ordu laurden lehenago itxiko dituztela ilarak. Horren ostean, kabalgata eginda herria zeharkatuko dute alderik alde: Oria auzotik abiatuko dira, 17:30ean. Okendo plaza atzealdean dagoen Antonio Mercero eremura iristerakoan, emanalditxo bat egingo dute, suziriak jaurtiko dituzte eta erregeek herritarrekin hitz egiteko tartea hartuko dute.

Megabako kideek herritar oro animatu dute egun berezi horretan parte hartzera eta gozatzera.