2025ari errepasoa: abendua

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Jon Martin eta Lander Astiazaran jokalariak, eta, erdian, azken horren gurasoak, hunkituta. Argazkia: Reala.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, bukatzear den 2025ak eman duenaren errepasoa. Artikulu honetan irakurriko dituzue abenduko berri nabarmenenak.

Euskararen Nazioarteko Egunean, hitz zaparrada

Egun euritsua izan zen hilaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Edonola ere, herritarrak gehien blaitu zituena ez zen ura izan, hizkuntza bera baizik. Herriko euskaltegietako ikasleek Mintzodromoa egin zuten goizean eta ordubete inguruz hiru gai izan zituzten hizpide: aisialdia, lanbideak eta loteria tokatu berritan egin daitezkeen planak. 

Arratsalde horretan, Ernai Lasarte-Oria eragileak gonbidatuta, Jone Miren Hernandez antropologoak Gazteon hizkuntza identitatea: eraikitzen ala desegiten? izenburupeko hitzaldia eman zuen Jalgi kafe antzokian. Hiztunen aktibazioa beharrezkoa dela adierazi zuen, baina hori sostengatzeko egitura eta baliabideetan jarri zuen fokua batez ere.

Azkenik, Gazte Kluba egitasmoan parte hartzen ari diren 9 eta 12 urte arteko gaztetxoek Tiki-Toki euskarazko ikus-entzunezko laburren lehiaketan parte hartu zuten. Manuel Lekuona Kultur etxean egin zuten sari banaketa ekitaldia.

Namie Sushikoa eta Oria Txikikoa izan ziren goxoenak

Merkatarien elkarteak XI. Pintxo Bidea aurrera eraman zuen. Herriko zortzi establezimenduk parte hartu zute aurtengo aldian, eta askotariko pintxoak prestatu eta eskaini zizkieten horiek dastatzera joandakoei. Guztien artean bi goxoenak ere izendatu eta saritu zituzten: Namie sushi eta Oria Txiki.

Ilargiraino eta bueltako agurra

Lasarte-Oriako taberna ezagunenetako bat kudeatu duten Edorta Aldazabal eta Lorena Saenz agurtu zituzten lagun eta gaur egungo nahiz lehengo lankide artean. Zubietako elkartean bapo bazkaldu eta Ilargira bertara itzuli ziren, luzaroan gogoratuko duten parranda botatzera. Itxi dute bizitzako etapa garrantzitsu bat, beste bati ekiteko.

Sabai aizuna kentzeko lanen ondorioz, igerilekura joateko aukerarik gabe geratu ziren herritarrak

Arazo teknikoak tarteko, egun batetik bestera kiroldegiko igerilekua itxi behar izan zuen udalak. Herrian zabaldutako "zurrumurruak" amaitze aldera Agustin Valdivia alkateak eta EAJko bozeramaile Estitxu Alkortak agerraldia egin zuten. Azpiegitura hori berriz ere erabilgarri egoteko gutxi gorabehera bi hilabetez itxia egongo dela jakinarazi zuten.

Ongay, Morales eta Ibisate saritu zituzten Kirol Galan

Kirolean aurten nabarmendu diren hiru herritar aintzatetsi zituzten kultur etxean: Maria Ongay judoka, Didac Morales borrokalaria eta Jon Ibisate errugbi epailea. Emakumezko nahiz gizonezko onenen sariak jaso zituzten aurreneko biek; hirugarrenari, berriz, kirol ibilbidea aitortu zioten, oraindik gaztea izanagatik ere. Hiru protagonistetako bakoitzak hitza hartu zuen eskerrak emateko eta bakoitzak bereari buruzkoak kontatzeko. Verdini taldekoek eta Erketz EDTkoek ikuskizuna girotu zuten.

'Hetero' lana izan zuten mintzagai Irakurle Txokokoek

Azaroaren 25eko egitarauaren barruan programatutako azken jarduera aurrera eraman zuten herritarrek. Lasarte-Oriako Irakurle Txokoarekin elkarlanean antolatutako literatura solasaldia egin zuten Antonio Mercero aretoan. Uxue Alberdi idazlearen Hetero liburua izan zuten hizpide.

 Lasarte-Oria eta Urnieta lotuko dituen bidegorri berriaren lanak hasi zituzten

Bi udalerriak lotuko dituen 1,2 kilometroko bidegorria eraikitzeko lanak hilaren 9an hasi zituzten, eta zortzi hilabeteko gauzatze epearen ostean, uda amaieran bukatuta egotea aurreikusi dute. Aipatu obrak egiteko 1,5 milioi euroko inbertsioa egin dute.

Bizipoza Eskola proiektua aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean parte hartu zuten Bizipoza egitasmoko zenbait kidek (Maider Izagirre, Nerea Godoy eta Luisma Landaluze), eskolaren proiektua ordezkari politikoei zertan den erakusteko. Nondik norakoak esplikatzearekin batera, aurrerantzean lankidetzan aritzeko proposamena luzatu zieten.

Kulturartekotasuna, mahai ingurutik mahai gainera

Harrera herria ote da Lasarte-Oria?. Galdera horren bueltan ardaztu zuten herriko Bizipoza Taldeko kideek mahai ingurua, duela urtebeteko egun eta toki berean. Badaramate denbora kulturartekotasunaren gaia jorratzen, eta, tarteka, eguneroko zeregin eta erronketatik begirada altxa eta patxadaz hausnartzeko ekimenak aurrera eramaten dituzte, horien artean, solasaldiak. Antonio Mercero aretora gonbidatu zituzten Oriarte BHI institutuko Agenda 2030 egitasmoko koordinatzaile Aroia Kortabitarte eta Iñigo Etxeberria; Lasarte-Oriako Esku Hartze Komunitarioko hezitzaile Juantxo Arakama eta Leire Zubiarrain; Kumme elkarteko kide Andrea Garcia; eta Pasaiako Udaleko Euskara teknikari Jaione Urruzola.

Euskal ekologismoak egin dituen jauziez aritu ziren

Borobilean Elkartekoak joan den ikasturtean hasi ziren lanean, beharra ikusten zutelako egungo gizartean dauden gaiei buruz patxadaz eta elkarrekin hausnartzeko. Munduaren egoera okorra ulertzen saiatu ziren azaroan, gerrak-eta; atzo jorratu zuten gaia ere oso lotuta dago krisi globalarekin: mugimendu ekologista. Solasaldiro egiten duten moduan, adituak gonbidatu zituzten borobilera. Mugimendu horretan militatzen ari diren Marti Serra, Euskal Herrian zazpi urte daramatzan balearra eta Garazi Alkorta lasarteoriatarra gonbidatu zituzten. Aurrenekoak La formación del movimiento ecologista en Euskadi. Movilizaciones, debates y experiencias personales (1972-1989) tesi liburua aurkeztu zuen eta bigarrenak Jauzi Ekosoziala eragileari buruzko azalpenak eman zituen.

Txistorra, musika eta giro ona izan zituzten erdigunean

Jaia prestatu zuten ILBE Iñigo de Loiolako Bizilagun Elkarteko kideek. Plazan bi postu jarri zituzten, bata tiketak erosteko eta bestea Etxezarreta harategiko txistorra eta edaria hartzeko. Jende ugari bertaratu zen, auzotarra izan ala ez. Eguraldia ederra izan zen: argitsua eta epela eguzkiak berotutako txokoetan, eta dagoeneko alaia zen giroa animatzeko. DJ Karpin-ek musika ipini zuen festaren hasieratik amaiera arte, hots, bazkalordura arte. Hori ez ezik, Kilkerband txarangako musikariak ere kalera irten ziren baserritar jantzita, enparantza eta inguruko kaleak doinuez betetzeko asmoz. Erdiguneko lehenengo txistorra jana herrikoia izan zen, baina datorren urteetan aurtengoaren lekukoa hartuko dute ziurrenik, estreinako ekimena arrakastatsua izan baitzen.

Ahaztuko ez dituen debutak

Lau eguneko epean Realaren gizonezkoen lehen taldearekin debutatu zuen Lander Astiazaranek, kopan aurrena eta ligan gero. Gozoagoa izan zen aurreneko partida, 1-2 irabazi zutelako txuri-urdinek Eldenseren aurka. Levanterekin bana egin zuten.

Lasarte-Orian nahiz Gasteizen, pentsio apalenak LGSarekin parekatzearen alde

Pentsiodunek argi erakutsi zuten beste behin ez dutela borroka utzi eta amore emateko asmorik. Babes sozial zabala erdietsi duen Herri Ekimen Legegilea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeari uko egin bazioten ere (EAJ, PSE-EE eta VOX alderdien botoekin), proposamen horren muina gauzatzea (pentsio apalenak LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea) eskatzeko agerraldi ugari eta manifestazio bat egin zuten, azken hori, Gasteizen. Bertan izan ziren Lasarte-Oriako taldeko zenbait eragile.

Underground kultura, errotzen

Gure Lasarte Zikiña taldeak bigarren jaialdia antolatu zuen. Xirimiri Elkartea kontzertu areto bihurtuta, Grapa eta Bellum taldeek emanaldia eskaini zuten. Gogotik jo zuten artistek eta biziki disfrutatu zuen euren doinuekin publikoak. Ekimen honekiko zein ekainean egindako ekitaldiak izandako harrerak onak izan direlarik, Euskal Herriko underground kultura herrian sustatzen jarraituko dutela adierazi dute antolatzaileek.

Autodromotik, Kriseilura

Irailean aurkeztutako Autodromo egitasmoari jarraiki, haren bigarren zatia aurrera eraman zuten Iraultza oholtzara lelopean. Izena bera aldatzea ere erabaki dute, taldearen xedea delako herria argiztatzea. "Askatasuna helburu" duten herriko eragileei eta praktika kulturalei zein politikoei espazioa emango diete. Hori praktikan jartze aldera azoka autogestionatua, musika emanaldiak eta agerraldia burutu zituzten.

Txu-txu trena eta gaztaina jana herrikoia, Eguberriak girotzeko

Urteko garai garrantzitsuenetako baten atarian, Aterpea elkarteko bazkide diren merkatariek Eguberriak girotzeko zenbait ekimen aurrera eraman zituzten erdigunean. Aurrena, dagoeneko gure artean ezaguna den txu-txu trena ekarri zuten, bertan bidaiatzera animatu zirenek herria hobeto ezagutzeko aukera izan zezaten. Astebete geroago, sasoi honetako gutizietako bat diren gaztainak erre eta banatu zituzten, kiloka.

'Akelarrea', sorginen proposamena Inauterietarako

Datorrena urte berezia izango da udalerriko festa alternatiboak antolatzen dituen eragilearentzat, Sorgin Jaiak-entzat. 25 urte beteko dira aurrenekoz Lasarte-Oria sorgindu zutenetik eta akelarreak egiten ari zirenetik. Bada, horixe bera da Inauterietarako aukeratu duten gaia: Akelarrea.

Denboraldiak emandakoa errepasatu genuen Ximon Villalobos patinatzailearekin

Sasoia amaitu eta astebeteko etenaldia egin zuela baliatuta, Ximon Villalobos patinatzailearekin (Lasarte-Oria, 2005) hitz egin zuen TXINTXARRI aldizkariak. Denboraldia positiboki baloratu zuen kirolari gazteak: "Behobia-Donostia kenduta, podium guztietara igotzea lortu dut lasterketetan". Dena ez da samurra izan, ordea: Liga Nazionala izan da "gogorrena".

Azken bi urteetan ezin izan du Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia jokatu, beste proba bat egun berean izan delako. Datorren urterako, espero du bi lasterketek ez bat egitea, herrian lehiatzea eta irabaztea, txikitan amestu bezala.

San Tomas Egunaren aurretik, taloa nola egin azaldu ziguten Mari Angelesek eta Haizeak

Talogileen taldeko kideetako bi dira Mari Angeles eta Haizea. Hilaren 21eko ospakizunaren atarian elkartu zen TXINTXARRI beraiekin, gero eta estimatuagoa den taloa nola egin jakiteko. Arto irina, gatza eta ur beroa dira osagaiak. Horrela esanda sinplea dirudi baina orea ongi landu behar da, irinak izan behar du eho berria eta, eskuekin prestatzerakoan, ahalik eta finen zabaldu behar da egurrezko taulan, prest dagoenean berehala erretzeko. Goxoa izateaz gain, nutritiboa ere bada; bi hitzetan, alimento konpleto.

Ibon Fernandez Iradiren eskubideak urratu zituztela ebatzi zuen Estrasburgoko auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikuluak torturak eta tratu txarrak galarazten ditu, eta hain zuzen ere, artikulu hori eta preso lasarteoriatarraren eskubideak urratu izanagatik erruduntzat jo dute Frantziar Estatua. Luzaroan Lannemezango espetxean preso egon ostean, egun Martutenekoan dago Ibon Fernandez Iradi, 2022. urtez geroztik.

Udalerria begiratzeko hamabi modu berezi saritu zituzten

Lasarte-Oria zure objektiboan lehiaketako sariak banatu zituzten, datorren urteko egutegia nolakoa izango den iragartzearekin batera. Juan Ramon Chinchilla herritarrak Mirentxu eraikinari ateratako argazkia eraman dute portadara. Beste 11 irudi hautatu ditu epaimahaiak: elurtutako Azkorte bidea; Brigitarren komentu atzealdetik ikusitako ilunabarra; Zabaleta Berri auzoko larreetako zaldiak; Erribera kaleko bidegorria; San Joan sua Andatza plazan; sanpedroetako kontzertu bateko giroa; Plazaolako Landa Parkeko ortu ekologikoetako egurrezko etxola; Oria ibaia; ibai ondoko pasealekuko bidegorrian barrena ibili ziren bi lasterkari, krosa prestatzen; Zatarain auzoa eta atzerago Buruntza mendia, Zabaletatik ikusita; eta Ama Brigitarren komentuko jaiotza argitsua.

'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' eta 'Hezur berriak' saritu zituzten

Lauaxeta sarien XXI. edizioa aurrera eraman zuten Bizkaiko Foru Jauregian; euskararen sustapenean, hedapenean eta normalizazioan egindako ekarpenengatik aurten nabarmendu diren norbanakoak edo kolektiboak jendaurrean aintzatzetsi zituzten ekitaldi batean. Horien artean izan ziren Inge Mendioroz Ibañez, Idoia Garzes Aldazabal eta Ane Labaka Mayoz; ikus-entzunezkoen zein poesien kategorietan garaile izan dira. Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala eta Hezur berriak poesia liburua ondu dituzte aurten, hurrenez hurren.

Xabat Martin, bigarren Bordelen

Donostiako belodromoko Gipuzkoako Kopako atsedenaldiaz baliatuz, lurralde horretako selekzioak Bordelera (Frantzia) egin zuen bidaia eta Xabat Martin herritarra izan zen kideetako bat. Txirrindulari gazteak Trophee Bebert Lesbats lehiaketan parte hartu eta zilarrezko domina jantzi zuen.

Patxi Etxeberria Zubiria hil zen

Oriotarra jaiotzez, urte askotan gure herrian bizi izan zen Patxi Etxeberria Zubiria bertsolaria hil zen atzo, hilak 29. 1959an ekin zion bertsogintzari eta Euskal Herriko txapelketako final bat eta Gipuzkoako hiru jokatu zituen. Herritar gazteei diziplina hori erakutsi zien Earra! eskolan astero parte hartuta. Azken plaza 2017an egin zuen, San Pedro Jaietan. 

Aurten ere ez dute hutsik egin

Urteroko zitari leial, hilaren 24a udalerrian igaro zuten Mari Domingik eta Olentzerok, zenbait lagunekin (Xixuko, Maritxu Teilatuko eta Porrotx) eta herritar mordo batekin batera. Goizetik hasi eta iluntzera arte ospakizun giroa izan zen nagusi, horrelako bisita berezi batek merezi duen moduan. Opari asko banatu zituzten gauean.

Eta urtea amaitzeko...

Bi plan izango dituzte aukeran herritarrek hilaren 31n. Ostadar SKTko Mendi Sailekoek hamaiketakoa emango diete Buruntzara igo ostean San Roke baseliza alboko aterpera joaten direnei, 10:00etatik aurrera.

Bestalde, San Silvestre Lasarte-Oria ekimenaren bederatzigarren edizioa egingo dute egun osoan zehar, 11:00etan hasita. Arratsaldeko lasterketa 16:00etan izango da.