2025ari errepasoa: azaroa

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Ezker-eskuin: Mikel Yarza, Inge Mendioroz eta Idoia Garzes.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, bukatzear den 2025ak eman duenaren errepasoa. Artikulu honetan irakurriko dituzue azaroko berri nabarmenenak.

'Taxi' lanak, Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketako saria

Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketak Idoia Garzes Aldazabal herritarra eta Mikel Martinez aktorea saritu zituen Taxi antzezlanagatik. 

Herriko pilotariek, ezin txapelarik jantzi

Erreboteko Enrique Abril zein Ezker Hormako Gipuzkoako txapelketako larruzko paleta finalak jokatu ziren. Bietan herritarrak izan ziren lehian; errebotean Endika Gartzia eta larruzko paletako Nagusien 1. mailan, Julen San Miguel. Neurketa borrokatuak jokatu arren, ezin izan zituzten aurkariak gainditu eta txapeldunordearen garaikurra eskuratu zuten.

Dominguez, Gipuzkoarekin txapeldun

Ligetako lehiaz gain, bestelako lehiaketa edo topaketetan ere parte hartu zuten Ostadar SKTko saskibaloi jokalariek. Hila hastearekin bat, maila ezberdinetako Euskadiko eta Nafarroako Txapelketa lehiatu zen. Villafrancan (Nafarroa) jokatu zen kadete mailako lehiaketan, June Dominguez herritarra Gipuzkoako selekzioarekin garaile izan zen.

Murgiondo herritarra, garaile Barrosa Skull Groms proban

Hodei Murgiondo surflariak Barrosa Skull Groms proban partu hartu zuen, Chiclanan (Cadiz, Andaluzia). Kanporaketak gaindituz, 16 urtez azpiko mailan finalera iritsi zen, baita garaipena erdietsi ere. Espainiako Junior serietako azken proba puntuagarria zen; sailkapen orokorrean seigarren postuan da herritarra.

Astiazaranek, gola Huescaren aurka

Hypermotion Ligako hamargarren jardunaldiko Sanse eta Huescaren arteko norgehiagoka jokatu zen Anoeta zelaian. 2-0 irabazi zuen talde txuri-urdinak eta Lander Astiazaran herritarrak egin zuen garaipenaren gola.

Buruntza mendian, zentral eolikorik ez

Andoain, Urnieta eta Lasarte-Oriako udalerrietako mendi eremuan hiru haize errota eraikitzeko asmoa zuen Mendiko Haizie SL enpresak. Baimena eskatu zuen, baina Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak bete ezin zituelako, proiektu bertan behera utzi zuen.

Palestinaren egoerari buruzko lekukotza zuzena

Fayez Badawi aktibista palestinarra gonbidatu zuten Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimeneko kideek Antonio Mercero aretora, herrialde horren aurkako zapalkuntzari buruzko gakoak eta testuingurua emateko. Jakin-min izugarria piztu zuen ekimenak eta bertaratu zirenek goraino bete zuten aretoa, eserita ez ezik, solasaldia zutik ere jarraitzeraino.

Intza Alkain, 'Ikimiliklik Vol.2' lanean

Urnietan dagoen Sarobe Arte Eszenikoen Gunean estreinatu zuten Ikimiliklik Vol.2 lana eta Intza Alkain Ibarguren aktore lasarteoriatarrak obra hori gorpuztu zuen artistetako bat da.

VOXen aurkako mobilizazioak

VOXek Okendo plazan karpa jarri zuen. Goizean goiz, pintaketak agertu ziren plazan eta arratsaldean, mobilizazioak egin ziren. Dozenaka lagun bildu ziren "Alde hemendik, utzi bakean!" edota "poliziarik gabe ez zarete ezer" aldarriak oihukatzen. Manifestazioa ere egin zen, ikur antifaxistak hartu eta erdigunean barrena. Istiluak izan ziren karpa jasotzerako orduan.

Heriotza ospatu zuten Zabaletako bizilagunek

Udazken festa antolatu zuten Zabaletako bizilagunek, larunbat honetan. Egun osoko ekimenaren antolakuntzan hainbat eragile aritu ziren: Hil Argi Elkartea, Borobil Elkartea, Heriotza Bizitzatik, Zabaleta Auzolan eta Earra Bertso Eskola. 

Akordeoi soinuez ondutako iluntzea

22. Nazioarteko Akordeoi Jaialdian Euskal Herriko hainbat kontserbatorietako artista gazteak gonbidatu zituzten emanaldira. Francisco Escudero Konbertsatorioko Oliver Cabrerak eta Bilboko Juan Crisostomo Kontserbatorioko Urtzi Larrabeitik eman zioten hasiera saioari. Ondotik, MoldoDuo taldeak hartu zuen mikrofonoa. Errumaniatik eta Moldaviatik etorrita, Radu Ratoik akordeoia jo zuen eta Stefan Diaconuk, zeharkako txirula.

Andatza plaza, ibilgailu klasikoen erakusleiho 

Hiru hamarkada baino gehiagoko autoen eta motorren jabeak Andatza plazan elkartu ziren, Clasicox Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako topaketan. Erakusketa horren lehenengo aldia izan zen. Ehundaka ibilgailu izan ziren ikusgai, horien artean zaharrena 1929. urteko kotxea izan zen. Ibilaldia ere egin zuten herritik barrena.

Menina sarietako bat jaso zuen Lasarte-Oriako Udalak

"Emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan egindako lana" aitortu zion Espainiako Berdintasun Ministerioak udalari Donostiako Aquarium-ean egindako sari banaketan.

Urtemuga berezia ixteko eguna

Vespa eta Lambretta marketako motorzaleei ongietorria, herrian eta inguruko udalerrien barrena Scooter Run ibilbidea, motor erakusketa, bazkaria... ederki eman zioten amaiera 25. urteurrenari Scooter Club Euskadiko kideek.

LOKEko juniorrek, lau domina

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) judokek junior mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Urnietan. Elkarteko kideek ederki egin zieten aurre euren borrokei eta lau domina jantzi zituzten; Aitor Santosen zilarrezkoa eta Anne Linazasoro, Iraia Diez zein Unai Guisadok brontzezkoa.

Xake jokalariak, lehen postuetan

Banakako Gipuzkoako Xake txapelketak lehiatu zituzten herriko ordezkariek maila ezberdinetan. Batzuk lehen postuetan izan ziren, hala nola, Taula Xake klubeko Jose Ignacio Etxeberria 2. mailako txapeldun izan zen eta Gros Xake taldean ari den Juan Rodriguez herritarra, Superbeterano mailan, laugarren.

Saskibaloiko Junior Errendimendu taldeak, igoera jokoan

Ostadar Saskibaloi ataleko Junior Errendimendu taldea Euskal Ligarako igoera faserako sailkatu zen. Lehen neurketan Easo Basket Irulearen aurka lehiatu zen Lasarte-Oriako taldea eta ez zuen egunik onena izan. Nahiz eta ederki borrokatu, donostiarrek eraman zuten neurketa, 68-57.

Donostialdeko ESIko zuzendariari bilera eskaera

Donostiako Ospitale atarian agerraldia egin zuten LOOPA eragileko lagunek. Arduratuta jarraitzen zuten Lasarte-Oriako egoerarekin, besteak beste, jakin zutelako osasun zentroak ez duela zuzendaririk. Horri eta beste kontu ugariri buruz hitz egiteko asmoz, aurrez aurre elkartu nahi dute Maite Martinez de Albenizekin, Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-kudeatzailearekin eta eskaera egin zuten.

Kattalin Arabaolaza, II. Imanol Lizardi Sariketako irabazle

Imanol Lizardi Bertso Astearen barruan, Lehen Hezkuntzako gaztetxoei zuzendutako Garbitzailearena emanaldia, bertso poteoa eta II. Imanol Lizardi Sariketa antolatu ziren. Lehiaketan sei bertsolari izan ziren kantuan Mirentxuko aretoan. Lan ezberdinak egin ostean, Enara Gallastegi eta Kattalin Arabaolaza sailkatu ziren buruz burukora eta azken horrek eraman zuen saria.

Boleiboleko Kadete Errendimendu taldea, kopako azken fasean 

Bera Bera Azul taldearekin bere multzoko bigarren postua jokatu zuen Ostadar Boleiboleko Kadete Errendimendu taldeak eta primeran egin zion aurre erronkari;  3-0 (25-19, 25-12 eta 25-22) gailendu zen eta azken faserako txartela eskuratu zuen.

Herriko proiekzioa eta saria

Okendo Zinema taldeak antolatuta Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala proiektatu zuten, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Emanaldi osteko solasaldian, Inge Mendioroz Ibañez eta Idoia Garzes Aldazabal herritarrak tertulian aritu ziren ikusleekin. Hurrengo egunean, Eusko Ikaskuntzak ematen duen Baiona Hiria Euskal Kulturaren Saria ere jaso zuten egileek.