Lasarte-Orian erakutsi zuten, estreinakoz
Ane Labaka Mayozen Hezur Berriak poema liburuan oinarritutako bertso saio literarioa erakutsi zuten, lehenbizikoz, Lasarte-Orian. Labaka arduratu zen liburuko zenbait testu irakurtzeaz, eta horiek musikaz jantzi zituen Ines Osinaga Urizar musikariak. Alaia Martin Etxebeste, Miren Amuriza Plaza eta Uxue Alberdi Estibaritz aritu ziren bertsotan.
Munduko txapelketako finaletan
Era ezin hobean amaitu zuen Maialen Chourraut herritarrak Sydney-n (Australia) jokatu zen Eslalomeko Munduko txapelketa; K1 eta Kayak kros finaletan lehiatu zen Kayak kroseko erlojupekoa eta taldeko lehien ostean, Penritheko kanalean onenen artean borrokatzen aritu zen olinpiar dominaduna eta podiumetik gertu geratu zen K1ean bosgarren amaitu zuen eta kayak krosean, laugarren.
'Ostirala iritsi da!', kultur etxean
Porrotx eta Marimotots pailazoek Ostirala iritsi da! emanaldia eskaini zuten, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Haiekin batera Pupu eta Lore izan ziren, baita Txapas ere. Kultur etxeko auditorioa leporaino bete zen.
Martin, 2031ra arte txuri-urdin
Jon Martin eta Real Sociedad taldea Lasarte-Oriako atzelariaren kontratua 2030-31 denboraldia amaiera arte luzatzeko akordiora iritsi ziren.
LOKEko judokak, podiumetan
Txapelketaz betetako hilari, senior mailako Gipuzkoako txapelketako podiumean eman zioten hasiera Asier Sagastik (brontzea) eta Suhar Aristegik (urrea). Aristegik berak brontzezko domina jantzi zuen Euskadiko txapelketan, hilaren 22an.
Hilaren 12an, aldiz, Ariane Luis eta Francis Mihailek brontzezko domina jantzi zuten Vicente Zarza I. torneoan; Iago Izquierdo, aldiz, bosgarren izan zen. Eta hilaren 25ean, Iraia Diez, Sofia Pozo eta Anne Linazasoro judokek hirugarren postua eskuratu zuten Anaitasuna torneoan.
Telleriak eta Olaizolak, Txintxarri saria
Beñat Telleria harri jasotzaileak Alegiako Txintxarri saria irabazi zuen Xabat Olaizolarekin batera.
LOOPA plataformako kideak, Eusko Legebiltzarrean
Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) plataformako kide Begoña Castro eta Pello Sanchez Eusko Legebiltzarrera joan ziren, Osasun batzordean parte hartu eta herriko egoera azaltzera.
Agerralditik hamar egun geroago dozenaka herritar elkartu zituen LOOPA plataformak, osasun zentroaren atarian, eragile horretako kideen (eta bizilagun askoren) kezka iturri den eraikinean.
Oholtzaratutako poesia ez-errezitala
Formol Laborategiak Heriotzak Eduardo du izena antzezlana eskaini zuen, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaieren harira ondu dute obra.
Joseba Rekondo, II. Buruz Buruko Trinketeko txapeldun
32 jokalarik jokatu zuten Mirentxuko II. Buruz Buruko Trinkete Txapelketa. Kirol hitzordu honek egun osoa iraun zuen. Kanporaketaz kanporaketa finalera iritsi ziren Mikel Gonzalez eta Joseba Rekondo. Lehia borrokatuaren ostean, Rekondok jantzi zuen txapela.
Aniztasunaren bideari ekin zioten
Upsala Kirol Klubak eta Lasarte-Oriako Udalak herriko beste hainbat eragilek lagunduta Aniztasunean elkarrekin I. Martxa Inklusiboa antolatu zuen. Lasarteoriatarrak ez ezik, Gipuzkoako hainbat herritako jendea ere parte hartzera animatu zen. Ibilbidea amaitzean musika emanaldia ere izan zen.
Denbora luze batean gogoratzeko eguna
Egun osoko festa izan zen Euskal Jaia. Hori zela-eta, goizetik gaueraino giro ederrean murgildu zen Lasarte-Oria. Txistulariak, azoka, pilota, bertsoak, harri jasotzaileak Okerra harriarekin lanean, bazkaria, umorea, erraldoi eta buruhandiak, musika, dantza... denetarik izan zen.
Jose Luis Navarro hil zen
Lasarte-Oriako historiaren eskribau nabarmenetako bat galdu zuen, Jose Luis Navarro Armendariz. Gure herria hobeto eta sakonago ezagutzeko lan ugari argitaratu zituen Navarrok, besteak beste, Retazos bildumaren barruan: lau edizio kaleratu zituen (2007, 2010, 2018 eta 2021).
'Maspalomas' pelikularen gainean solasean
Okendo Zinema Taldeak antolatuta, Maspalomas pelikula proiektatu zuten. Filmaren ostean, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi egileekin tertulia eraman zen aurrera.
Urrakiko bigarren postua eta Euskadiko txapelketa poltsikoan
Euskadiko Mendi Igoeretako txapelketak Azpeitian izan zuen azken hitzordua. Urrakiko igoera Joseba Iraola bizkaitarrak irabazi zuen arren, Aitor Manso herritarrak 9. mailako garaikurra eta sailkapen orokorreko bigarren postua eskuratu zituen. Horri esker, Euskadiko txapela ere jantziko du Lasarte-Oriako gidariak.
Ez adiorik, Fede!
Fede Otaegi Fino zendu zen. Bihotza, irribarrea eta eskuak jarri zituen herrigintzaren, euskararen eta euskal kulturaren zerbitzura. Saltsa ugaritan ibilitakoa izan zen Fede, han eta hemen eta lasterka egiteko zapatilak jantzi eta bizi-bizi aritu izan zen ere errepidean, Lasarte-Oria Bai! krosean nahiz Behobia Donostia lasterketan.
'Mosaico de imágenes' poesia bildumaren aurkezpena
Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoa txiki geratu zen, Ludi Cuestaren Mosaico de imágenes poesia bildumaren aurkezpenerako.
Urtaroa gogotik ospatu zuten
Hamaika jarduera, eta saltoki ugari. Udaberrian egiten duenaren antzera, Lasarte-Oriako Merkataritza, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak Udazkeneko Festa aurrera eraman zuen.
Elkartasuna, abiapuntu
eta helmuga krosean
Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian lau kolore nabarmendu ziren: Palestinako bandera osatzen duten gorria, berdea, beltza eta zuria. 1 zenbakidun dortsala herrialde horri elkartasuna adierazko lan egiten duten herri ekimeneko lagunek eraman zuten eta ez ziren bakarrik iritsi helmugara, dozenaka herritarren laguntzarekin baizik. Horien aurretik ehunka korrikalari eta lau irabazleek igaro zuten helmuga: Juan Boyero, June Agirrezabalaga, Eneko Gallardo eta Ainhoa Heredero.
Frankismoaren basakeria jasandako herritarrak gogoan
Frankismoak Lasarte-Orian eragindako biktimen oroimeneko ekitaldia antolatu zuen Islada Ezkutuak taldeak.
Ur zerbitzuan mozketa
Zabaletako igogailu berria instalatzeko egiten ari diren lanen eremuan istripu bat gertatu eta ezbehar horrek Sasoetako depositutik jaisten den hodi nagusiaren hartunea kaltetu zen. Horri erantzuteko hornidura orokorraren larrialdiko mozketa egin zuten.
Lanuztea eta mobilizazioak
Palestinaren aldeko mobilizazio ugari izan ziren hilabetean zehar, hala nola, Global Sumud flotillari egindako erasoa gaitzesteko edo Israelek egindako sarraskien aurka agertzeko. Ekintzarik handiena, hilaren 15ean, egin zuten: Palestinaren aldeko elkartasun eguna. Ez gure udalerrian soilik, Hego Euskal Herriko sindikatuek lanuzteak deitu zituzten. Manifestazioa ere egin zuten Lasarte-Orian eta herriko hainbat erakundek bat egin zuten aldarriarekin konzentrazioak edo minutuko isilunea eginez.