2025ari errepasoa: iraila

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Komentuaren 350. urteurrena, besteak beste, dantzatuta ospatu zuten.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, bukatzear den 2025ak eman duenaren errepasoa. Artikulu honetan irakurriko dituzue iraileko berri nabarmenenak.

Festa giroan agurtu zuten elkar

Oporrak Bakean egitasmoaren barruan, Lasarte-Oriara hirugarren urtez etorri den Hassana eta Donostialdeko nahiz Gipuzkoako beste txoko batzuetako gaztetxoek erremate bikaina eman zioten egonaldiari, Xirimiri elkartean eta Andatza plazan. 

Atsobakar egoitzaren zabaltze lanetara bisita

Eider Mendoza diputatu nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia Atsobakar egoitza zabaltzeko aurrera eramaten ari den lanak zein fasetan dauden ikustera etorri zen. Ondoan izan zituen Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peña eta Agustin Valdivia alkatea. Aipatu lan horiek 2026rako amaituko dituztela iragarri zuten.

Genizidioaren aurkako eltzekada

Furiaz jo zituzten eltzeak eta lapikoak lasarteoriatarrek Genozidioa Stop. Palestina deskolonizatu. Entitate sionista desegin! lelopean Palestinarren alde antolatutako mobilizazio zaratatsuan. Ehundaka herritar gerturatu ziren Okendo plazatik euren "elkartasuna" adierazteko "Palestinako herriari, bere erresistentziari eta eraso inperialista sionista pairatzen dituzten beste herrialdeei" ere.

Zirrara handiko azken saria, Hipodromoan

2026ko Udaberriko denboraldirako atzerako kontaketa hasi zuten zaldien zaletuek; udako denboraldiko azken saioak jokatu eta zuzeneko lasterketak amaitu ziren Donostiako Hipodromoan. Hori bai, Donostia Hiria Sari Nagusia - Irizar Sariak amaiera zirraragarria eman zion aurtengo udari. Lasterketa bizia eta estua izan zen. Urrezko Kopa irabazi zuen Philippo/N. M. Lopes bikoak ezarri zuen erritmoa eta buruan mantendu zen bigarren itzuliko azken zuzengunera arte. Orduan Shelby/A. Gutierrez Val eta Philau/R. N. Valle bikoek hartu zuen erreleboa baina azken 100 metroetan atzetik zetozen Chergui/G. Trolley de Prevaux eta If not Now/J. Janaçek sartu ziren ere lehian eta azken hori izan zen helmugara lehena iristen.

Munduko kopako zortzigarren

Abuztuan Espainiako kayak kros txapeldun eta K1eko txapeldunorde izan ostean, Munduko  Kopako azken jardunaldia lehiatu zuen Maialen Chourraut piraguistak, Augsburgen (Alemania). Osasun arazoak medio, Maialen Chourrautek ezin zuen % 100ean jardun. Augsburgeko jardunalditik etekin gutxi atera arren, txapelketako bost proben baturak kayak kroseko sailkapen orokorrean zortzigarren postuan kokatu zuen Lasarte-Oriako palista.

"Engainatuta" sentitu ziren pentsiodunek, mobilizazioak

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea izapidetzearen aurkako txostena egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Hori jakinda, eragile horretako kideek elkarretaratze eta manifestazioak iragarri zituzten, herriz herri eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) ere. Lasarte-Oriako taldekoak kontzentrazioa egin zuten Okendo plazan eta egun batzuk geroago Gasteizeko mobilizazioarekin bat egin zuten.

Itxaso Iparragirre, Euskal Jaiak-eko txapeldun

Donostiako Euskal Jaien barruan, esku pilotako txapelketak jokatu ziren. Jubenil mailan Intza KEko Itxaso Iparragirre herritarra izan zen lehian. Alde Zaharrako Nahia Sorondorekin batera eta finala jokatu zuen bikoak. Hernaniko Maialen Esnal eta Oiarpeko Larraitz Galardi izan zituzten aurkari. Neurketa borrokatuan 22-19 garaile izan ziren Iparragirre eta Sorondo.

Donostia Arraun Lagunek, Kontxako bandera

Euskotren Ligaren ostean, Donostia Arraun Lagunak-ek nagusitasunez irabazi zuen laugarren Kontxako bandera; hirugarrena jarraian. Itsasoa zakar egon arren, Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herritarrak kide dituen ontziak lan ederra egin zuen Ohorezko txandan. Aurretik Enara Arruti kide duen Nortindal Donostiarrak ere bere balioa erakutsi zuen lehen saioa irabazi eta sailkapen nagusiko laugarren postua eskuratuz

'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' filma estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian

Muntaketa aretotik, alfonbra gorrira. Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuten Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako, Inge Mendioroz Ibañez herritarrak zuzendutako filma. Alboan izan zuen Idoia Garzes Aldazabal gidoigilea, lasarteoriatarra bera ere. Principe aretoan egindako aurreneko proiekzioaren ostean bertaratutako ikus-entzuleekin hitz egin zuten biek ala biek.

Aiora Arrese Aierbek 'Perdida encontrándome' liburua aurkeztu zuen

Aiora Arrese Aierbe idazleak Perdida encontrándome poesia liburua aurkeztu zuen, Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Nahia Sillero aritu zen aurkezle lanetan. 

Herritarrak, Dima eta Jaizkibel igoerako lehen postuetan

Oporretako etenaldiren ostean, Euskadiko Mendi txapelketa berrabiatu zen Diman (Bizkaia). Joseba Iraola bizkaitarrak eraman zuen txapela; Aitor Manso, aldiz, bitan izan zen podiumean; bigarren izan zen sailkapen orokorrean eta 9. mailako lehian garaile izan zen

Aste batzuk geroago, Jaizkibel igoera jokatu zen. Aitor Manso zein Ekaitz Kortajarena herritarra eta Zurito Racing taldeko Pablo Muga zubietarra lehiatu ziren. Euriak baldintzatu zituen lasterketak, baina ongi moldatu ziren Manso 9. mailako garaile izan zen, Muga 6. mailakoa eta Kortajarena 8. mailako bigarren.

Nortindal Donostiarrak maila mantendu zuen

Euskotren Ligako kanporaketa jokatu zuen Enara Arruti kide duen Nortindal Donostiarra eskifaiak eta ederki egin zion aurre erronkari. Bantxa lehen egunean garaile eta sailkapen orokorreko bigarren izan zen. San Juan CMO Valvesekin batera jokoan zeuden bi postuak eskuratu zituzten.

Autodromo egitasmoaren lehen mahai ingurua

Autodromo egitasmoaren lehenengo saioa aurrera eraman zuten herriko 30 bat gazte sortzailek, Antonio Mercero Gunean. Herriko arte eszenaren gainean solastatu ziren, ordubete luzez.

AROA prozesua, martxan

Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko marko estrategikoa martxan jarriko zuela jakinarazi zuen udalak. Aurtengo urritik 2026ko udaberrira bitartean, diagnosia egin eta Aroa diseinatuko dute, helburuak, ardatz estrategikoak, ekintzak eta jarraipen mekanismoak zehaztuz.

Herritarrekin ospatu zuten

Ama Brigitarren Komentuak 350 urte bete dituela ospatzeko zenbait hitzordu egin zituzten. Brigitarren monasterioaren historiaz solastatu ziren Oiaso Boskoteak euskal musika kontzertua eskaini zuen eta irailaren 20a izan zen egun handia. Hamaika Doinu herriko txistularien dianarekin hasi zen jaia. Fernando Prado Ayuso gotzainak gidatuko mezan, Ana Belen Garcia organista, Erketz EDT, Alboka Abesbatza eta Zero Sette akordeoi orkestra aritu ziren eguna musika eta dantzaz girotzen.