Galizian izan ziren Alboka Abesbatzako kideak
Galizian barrena ibili ziren Alboka Abesbatzako dozenaka kide. Bertan zirelarik, bi kontzertu eman zituzten, Vigoko Maria Auxiliadora elizan bat eta A Coruñako Iglesia de las Esclavas eraikinean bestea. Emanaldiez gain, turismoa ere egin zuten korukoek.
Herriko igerilariek, markak
eta dominak
Udako Euskal Herriko txapelketak lehiatu zituzten uztailean zehar. Herriko ordezkariek alebin, infantil, junior eta absolutu mailako probetan parte hartu zuten. Jardun ederra egin zuten eta markak ontzeaz gain, euren adin tarteko podiumera igo ziren batzuk.
Zikloko lehena, umorearen eskutik
Uztailan zehar, kultur ekitaldiak kalean egin ziren. Antzerkiak, zirko emanaldiak. Askotariko ikuskizunak. Zanguango Teatroak hasi zuen zikloa El peor espectáculo del mundo (de momento) obrarekin. Okendo Plazan, Txubio Fernandez aktorea bizitzaren alor askoren inguruko bakarrizketan aritu zen, Okendo plazan, auzoko heroi baten biografiatik.
Xabat Martin zazpigarren sailkatu zen Tolosako Amaroz sarian
Andoaingo Txirrindulari eskolako kide Xabat Martin, Unax Guisado eta Luken Garmendiak kadete mailako Txuma oroimenezkoan, Amaroz sarian eta Zumaiako sarian parte hartu zuten. Hilaren 5ean, Tolosako Amaroz sarian izan zuten protagonismoa herriko kideek eta Martinek zazpigarren postua eskuratu zuen. Andoaingo txirrindulari eskolako kidea ongi kokatu zen pelotoian eta erasoei ongi erantzun zien. Ikaztegieta aldean, gainera, Garmendiarekin batera erasoa jo zuten, baina gutxira pelotoiak harrapatu zituen. Altzora erreleboka igo zen Martin, baina Apattan buruko taldetxoak atzean utzi zuen lasarteoriatarra eta zazpigarren izan zen helmugan (01.22.31). Garmendiak, aldiz, ezin izan zuen taldearen erritmoa mantendu Altzoko igoeran eta atzean geratu zen; helmugan 01.24.41 egin zuen. Eta Unax Guisado kanporatua izan zen atzean geratzeagatik.
Donostia Arraun Lagunak-ek, bitik bi
Bi jardunaldi interesgarrik eman zioten hasiera Euskotren Ligari. Zortzi ontzi izango ziren aurten garaikurraren bila: Astillero, Donostia Arraun Lagunak, Hibaika Jamones Ancin, Hondarribia Bertako Igogailuak, Nortindal Donostiarra, Orio Orialki, Tolosaldea Arraun Kluba eta Zumaia Delteco. Eta Lugañenek lehen bi hitzorduetan eman du abisua; Bilboko banderak eta Sestaoko Udala banderak bereganatu zituen Donostiako taldeak; Orio Orialki gertu izan zuten. Aurten ere hiru herritar ziren lehian ligan. Donostiako traineruetan: Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herritarrak Donostia Arraun Lagunak-ekin liga berria eskuratzeko borrokatu ziren eta Enara Arruti Nortindal Donostiarrako eskifaian izan zen.
Udako txoko eta kanpaldietan, ederki
Udalak eta Ttakun Kultur elkarteak antolatutako txoko eta kanpaldiak aurrera eraman ziren. Umeek biziki disfrutatu zituzten.
Gogoratzeko eta balioan jartzeko jardunaldia
Urte luzez lanean diharduen arren, Lasarte-Oriako Gurutze Gorriak ez zituen ate irekien jardunaldirik egin ibilbide horretan guztian, aurtengo uztailera arte. Euren egoitza, baliabideak eta lana plazaratzeko aukera izateaz gain, omenaldirako eguna ere izan zen. Izan ere, urte luzez boluntario izandako Patricia Puenteri egindako hilondoko omenaldia egin zitzaion. Puente boluntarioa izan zen Donostiako Gurutze Gorrian, eta hainbat kiderekin batera, 1987. eta 1988. urteetan, Lasarte-Oriako egoitza osatu zuen. Amaya Goyaran tokiko presidenteak eraman zuen aurrera gorazarrea. Bere seme-alabek eta alargunak jaso zituzten oroigarriak, hunkiturik.
Espedizioko partaideen artean, herritar bat
Hilaren 1ean abiatu zen aurtengo Euskarabentura espedizioa Atharratzetik (Zuberoa), eta 31n iritsi ziren helmugara, Getxora (Bizkaia). Ekimen horretan parte hartu zuen Leire Iglesias herritarrak, beste 125 gazterekin batera.
Laboa eta Caceres, berriro Gipuzkoako txapeldun
Hondartzako Boleiboleko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Ostadar SKTko hiru bikotek, uztailaren 5ean, Tolosan. Olaia Laboak eta Odalys Caceresek iaz eskuratutako titulua berretsi zuten; Bera Bera taldeko bikotea gainditu zuten finalean.
Donostiako arantza kendu zuten Zierbenan
Donostia Arraun Lagunak Euskotren Ligako buruan zegoen txapelketako bigarren asteburuaren ostean. Donostiako Fabrika banderan hirugarren postua eskuratu arren, Zierbenan (Bizkaia) garaile izan zen Lugañene. Nortindal Donostiarra, aldiz, zortzigarren postuan amaitu zuen Donostiako badian eta bosgarren izan zen Bizkaian.
Aitor Manso herritarra Alisas igoerako podiumera igo zen
Euskadiko mendi igoeren denboraldiko oporraldia baliatuz, Aitor Manso gidaria Asturiasen eta Kantabrian izan zen lehian; Langreoko Santo Emiliano igoeran eta Riotuertoko Alisas igoeran. Bigarrenean podiumean izan zen herritarra; 8. mailako garaile. Entrenamendu zein lasterketa saioetan indartsu atera zen eta azken saiakerako markari esker 03.48,190 bere mailako garaipena eta sailkapen orokorreko bosgarren postua eskuratu zuen.
Dantzan eta pozik hartu zituzten aurten ere
Ttakuneko udako txokoetako gazteek dantzan, giro atseginean egin zieten ongietorria uda Lasarte-Orian eta Donostian igaroko zuten haur sahararrei. Udal ordezkariek ere harrera egin zieten, gero. Egonaldian erabilgarri izango zitzaien materiala ere jaso zuten opari.
Artetxe anaiek jantzi zuten Santa Anako txapela
Santa Ana Pala txapelketa ospatu zen. Finalerdiak jokatu eta finaleko bikoteak erabakita, Jon Pello eta Iker Artetxe edo Aginagatik eta Usurbildik herriko txapelketa jokatzera etorritako Xabier Errasti eta Beñat Pagoaga neurtzearen txanda ailegatu zen; bikoteetako batek zuen aukera txapela janzteko. Artetxetarrak 30-22 garaitu zituzten aurkariak.
Ostadar Inklusioko Xuban Santin, Europako txapelketan
Ostadar Inklusio taldeko Xuban Santin World Boccia Europako txapelketan lehian zen Zagreben (Kroazia) Espainiako selekzioarekin. Talde urdin-beltzeko Javi Camacho lagun, bakarka zein taldean parte hartu zuen. Bakarka BC2 mailan ezin izan zuen multzoko lehia gainditu. Taldean BC1 eta BC2 mailako Desiree Segarra, Alvaro Ballesteros eta Ainhoa Meñaka kideekin final laurdenetara iritsi zen Ostadar Inklusioko kidea.
Dantza eta ondarea, plazan
Dantza eta ondarea ikuskizuna erakutsi zuen Node konpainiak, Okendo plazan. Hiru piezaz osaturiko ikuskizunaz gozatu zuten Donostiako konpainiaren lana ikustera bertaratutako herritarrek. Kontakizun bakar batean elkartzen ziren hiru istorioren eszenaratzea gertatu zen; Euskal Herriaz, bere historiaz eta askatasunaz hitz egiten duten hiru kontakizunetan.
Diamantezko ezteietan, harribitxia
Ikuskizun gogoangarria eman zuten parte hartzaileek Okendo plazako oholtzan. Santa Ana eguneko parodiaren 75. urteurrena ahaztezin bilakatu zuten emanaldi musikala oholtzaratuta. Epaiketari ekin aurretik herriko txistularien taldea omendu zuten. Aktore nahiz gidoilari, aurreko urteetan taldeko kide izan eta aurten hildako Jon Galarraga eta Juan Luis Eizmendi ere gogoan izan zituzten.