2025ari errepasoa: ekaina

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Oihane Belartieta eta Mikel Eskisabel, ekainaren 26ko Sorgin Dantzari ekin aurretik.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, bukatzear den 2025ak eman duenaren errepasoa. Artikulu honetan irakurriko dituzue ekaineko berri nabarmenenak.

Artetxek eta Ituartek irabazi zuten binakako bigarren trinkete txapelketa

Ekimen, enpresa, txapelketa... bat sortzea baino zailagoa izaten omen da egonkortzea eta hori lortu dute Mirentxuko Trinketea biziberritzeko lanean ari diren gazteek. Binakako lehiaketaren bigarren edizioa egin zuten eta, aurreko biak bezala (horietako bat, banakakoa), arrakastatsua izan zen. 24 bikotek parte hartu zuten eta Jon Pello Artetxe eta Unai Ituartek jantzi zituzten txapelak, merezimendu osoz, finalean Unai Arruti eta Asier Sanchez Santxi garaituta. Egun osoko ekitaldiaren ostean, jokalari eta antolatzaileek Avenida taberna-jatetxean afaldu zuten.

Zabaletako festa sudurgorriak

Udarako festa denboraldien atariko izan ziren Zabaleta auzoko jaiak beste behin ere. Aurreneko egunetan haurrentzako jarduerak egin zituzten batez ere, Teresa Sorgiña jaitsi arte. Egun horretan bertan Porrotx eta Marimotots sudurgorriek irakurri zuten pregoia eta orduan eztanda egin zuen festak.

Aurretiazko Borondateen Dokumentua egitearen garrantziaz hitz egin zien

Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko ordezkari Iñaki Alegria gonbidatu zuten Borobilean egitasmokoek, urte honetan puri-purian egon den heriotzaren gaiari buruz antolatutako hitzaldiaren harira. Aurretiazko Borondateen Dokumentua egitearen garrantziaz mintzatu zen hizlaria, leporaino beteta egon zen Mirentxuko aretoan.

Nahia Goenagak eta Eneko Mendizabalek zilarrezko dominak kolkoratu zituzten

Traineruen nahiz aulki mugikorren Euskadiko txapelketak jokatu zituzten Nahia Goenagak eta Eneko Mendizabalek, hurrenez hurren. Lan bikaina egin eta zilarrezko domina bana irabazi zuten. Traineruen lehiaketa horretan Enara Arrutik ere parte hartu zuen.

Txangurroa donostiar erara nola kozinatzen duen erakutsi zuen

Sukaldean trebea da Yon Mikel Rodriguez Ventoso; hori horrela dela badakite Avenida taberna-jatetxeko bezero askok. Sukaldean ez ezik, kameren aurrean aritzeko ere abilezia soberan duela erakutsi zuen lasarteoriatarrak. EiTB2ko A Bocados saiorako Txangurroa donostiar erara nola kozinatzen duen azaldu zuen.

Mende laurdena beteta, erakusketa berezia aurkeztu zuten Brancussi akademiako ikasleek

Gaur egungo nahiz azken 25 urteetako estudianteen lanekin osatu zuten Brancussi margolaritza akademiako kideen erakusketa, Antonio Mercero aretoan. Aurten mende laurden bete dutela-eta, zirraraz erakutsi zituzten lan berriak eta historikoak.

Iker Gorostegik irabazi zuen Lasarte-Oria Saria

Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan berdintasuna oinarri izan zuen 34. Lasarte-Oria Saria. Pertsonen Saria jokatu zuten. Proba nagusia etxean geratu zen, Buruntzaldea IKTko Iker Gorosteguik jantzi baitzuen txapela.

"Promesen eta propagandaren" aurrean, "benetako konponbideak" eskatu zituzten

Lasarte-Oriako osasun zentroaren egoera horren tamalgarria zen ekain erdialdean, non Osasungintza Publikoaren Aldeko Plataformen Euskal Autonomia Erkidegoko Koordinakundeak erabaki zuen Gipuzkoako elkarretaratzea gure udalerrian egitea. Dozenaka pertsona bertaratu ziren Elizatze plazara eta adi-adi jarraitu zituzten eragile horretako kideen aldarriak. Eusko Jaurlaritzako agintariak Euskal Osasun Ituna onartzear dutela zehaztu zuten eta "denbora irabazteko eta herrritarrak desmobilizatzeko estrategia dela" salatu, "betiko murrizketa eta pribatizazio politika berberak aplikatzen jarraitzen duten bitartean".

Emakumeek Gidatutako Enpresa Onenaren Saria irabazi zuten Kairos-ekoek

Elaia eta Alazne Fadrique ahizpek sortu eta gidatzen duten establezimenduarentzat izan zen Urrats Bat programak ematen dituen aitortzetako bat: Emakumeek Gidatutako Enpresa Onenen kategorian lehiatu zuten. Bi herritarrek pozarren jaso zuten saria Donostiako Aquarium-ean eta egunero egiten dutenarekin are indar eta ilusio gehiagoz jarraitzeko kemena eman zien aintzatespenak.

Realak irabazi zuen II. Nesken Alebin Txapelketa

Texas Lasartearra klubak antolatutako futbol lehiaketan alebin kategoriako zortzi talde lehiatu ziren Michelingo Kirol Gunean. Intxaurdik eta Realak jokatu zuten finala; txuri-urdinak nagusitu ziren, 0-3.

Emozioz eta euriz betetako txapelketa

Jose Martija zenaren omenez zortzigarren futbol txapelketa antolatu zuten garai batean bere jokalariak izandakoek. Hamabi taldek parte hartu zuten eta partidei ekin aurretik Mitxelo Olaizola omendu zuten; urte luzez Realaren gizonezkoen lehen taldeko tresnazaina izan zen. Santanderretik (Kantabria) etorritako Racing-ek eta Antiguokok jokatu zuten finala; donostiarrek irabazi zuten, azken minutuetan gol erabakigarria sartuta.

Gazteena izan zen udalbatzarra

Herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako gazteek iraunkortasunaren, hondakinen, energiaren eta berdeguneen gaineko proposamenak egin zizkioten udalari. Udalbatzar aretoan batu ziren ikasleak zinegotziekin.

Andaluziar asteburua izan genuen herrian

Semblante Andaluz Elkarteak Rocioko 30. erromeria ospatu zuen Atsobakarreko parkean. Zenbait unetan, eguraldia ez zuten lagun izan. Alabaina, ez zien festa zapuztu. Pentekosteko jaialdiaren asteburuan ospatzen dute, Huelvan; Pazko Igandea jazo eta 50 egunera. 

Ahots eta instrumentu bidezko esker ona adierazi zieten

Xumela koruko kideek eta Oaintxe in deu! txarangako lagunek azken entsegua egin zuten, ohi bezala, Oriarte Landaberri institutuan. Astelehenero-astelehenero eurei ateak ireki eta irribarre banarekin artatu zituzten Mari Jose eta Caridad langileak omendu zituzten, Bizipozaren zapi bana oparitu eta bi abesti interpretatuta: Ilunabarra eta Epo i tai tai e.

Antzerkia, dantza, festa, memoria

Ikasturtean zehar landutakoa erakutsi zuten Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako kideek, oholtzan nahiz kalean. Ospakizuna ederki itxi zuten egun osoko festa antolatuta; besteak beste, Zor diegun memoria emanaldi ikusgarria eskaini zuten.

Erremonteak gure herrian debutatu zuen

Michelin kirol guneko pilotalekuan partidak jokatu zituzten, Lasarte-Oriak bat egin zuelako Erremontari Herriz Herri proiektuan. Gurrutxaga-Aiestaran VI eta Susperregi-Apezetxea bikoteen partida bertan behera utzi behar izan zuten pilotakada batengatik. Bigarrenean, Ezkurra II.ak eta Azpirozek garaitu egin zituzten Ansa II eta Juanenea.

Gipuzkoako Liga irabazita, denboraldia biribildu zuten Eguzkiko kadeteek

Eguzki Areto Futbola klubeko kadeteen taldeak ginga jarri zion egindako sasoi bikainari, Gipuzkoako Ligako finala Antiguokori irabazita. Hasi eta buka Eguzki Goxokis Goxua izan zen partidaren jaun eta jabe eta ez zion aukerarik eman arerioari; 6-1 irabazi zuten hori-beltzek.

Astigarragako Jaietako lehiaketa irabazi zuen Sara Etxeberria 'Basoko Maxuxta'-k

Astigarragako Santio Jaiak iragarri zituen Sara Etxeberria Zapirain Basoko Maxuxta ilustratzaileak egindako Kolorez jai lanak. Epaimahaia osatu duten eragileen zortzi botoetatik bost eskuratu zituen lasarteoriatarrak: "Saltoka eta dantzan ari diren pertsonaiak gure ohitura eta folkloretik hartu ditut; santioak festa parte hartzaile eta herrikoi gisa irudikatzen dituzte", azaldu zuen. Horrekin batera, naturako zenbait elementu (loreak edota ilargia, esaterako) erabili zituen, Buruntzaldeko udalerri horretako ingurunea eta udara gogorarazteko.

Manttangorri, erabat elektrikoa

Lasarte-Oriak "mugikortasun garbi eta modernoagoaren aldeko urratsa" eman zuen Manttangorri hiribusa elektriko bihurtzearekin, udal ordezkariek ibilgailuaren aurkezpenean nabarmendu zutenez. Ibilgailu berria, ISUZU Novociti Volt, % 100 elektrikoa da eta garraio publiko "jasangarriago eta irisgarriago baten aldeko apustu sendoa" da. Autobusak 40 bidaiari baino gehiago eraman ditzake, eserita dauden pertsonak, zutik daudenak eta gurpil aulkiak edo haur kotxeak barne.

Lander Astiazaran herritarra bigarren mailara igo zen Sanserekin

Bigarren Mailara igotzeko kanporaketako itzuliko neurketa zirraragarria bizitu zuten zaleek Zubietan. Sanse eta Gimnastic de Tarragona taldeek La Liga Hypermotion edo bigarren mailarako igoera jokatu zuten eta donostiarrek lortu zuten balentria. Jokalarien artean, lasarteoriatar bat izan zen, Lander Astiazaran. Hasierako hamaikakoko kide izan zen eta neurketa oso txukuna jokatu zuen; gutxigatik ez zuen gola sartu. Joaneko norgehiagokan 1-3 irabazita, bi goleko aldea zuten txuri-urdinek baina majo sufritu behar izan zuten. 0-2koarekin desabantailari buelta eman zioten kataluniarrek eta luzapena jokatu behar izan zuten. Finago aritu ziren txuri-urdinak eta penalti bat sareratu zuten, horrenbeste desiratutakoa lortzeko.

Galiziara kantuen bidez bidaiatu zuen Alboka Abesbatzak, ikasturtea ixteko

Kurtsoa amaitzeko kontzertua eskaini zuen Alboka Abesbatzak, Ama Brigitarren Komentuan. Leporaino bete zuen publikoak kapera; zutik izan ziren asko. "Bi lurralde lotzen dituen soinu ibilbidea" eginda, ordubeteko kontzertu berezia eman zuten talde horretako kideek. Euskal Herritik Galiziarako bidezidorrean, aldaketarako eta berritzeko tartea izan zuten. Horretan, hamar abestiz osatutako errepertorioa izan zuten bidelagun.

Kurtsoko azken dantza erakustaldia egin zuen Erketz Euskal Dantza Taldeak

Euria egin arren, leporaino bete zen Okendo Plaza, Erketz Euskal Dantzari Taldeak eskainitako emanaldia ikusteko. Ohiko legez, fin aritu ziren euren errepertorio zabaletik abiatuta, Euskal Herriko dantzak erakusten. Ordubete inguru iraun zuen emankizunak. Eskainitako erakustaldiarekin gogobeteta, txalo zaparrada luzea oparitu zieten herritarrek.

Rock kantutegi klasikotik hartutako piezak interpretatu zituen Zero Sette Akordeoi Orkestrak

San Pedro eta Sorgin Jaiak iristear zirelarik, festarako giroa sortzeko emanaldia eskaini zuen Zero Settek Okendo Plazan. Rock generoko abestiak akordeoiez jo zituzten, ordubete luzez: Metallica, Bee Gees, Van Halen, Bulego, Huntza...Orotariko jatorrietako eta garaiko kantuak interpretatu zituzten. Lehen notak entzun eta berehala dantzatzen aritu ziren eserlekuetan jarritako zein zabalguneko bestelako txokoetan ipinitako herritarrak; baten batzuk abesteko beta aprobetxatu zuten.

LOKE kirol elkarteko gimnastek alfonbra gorri bihurtu zuten kiroldegiko tapiza

Filmetako izar bereziek Maialen Chourraut kiroldegiko pista bete zuten. Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek ikasturtean landu eta txapelketerako eraman zituzten dantza ezberdinak erakutsi zizkieten kiroldegiko harmailak bete zituzten senide eta lagunei. Bakarka edo taldean, esku hutsik eta tresnak erabilita zinemako izarren antzera egin zuten distira tapizean.

Tatamian ikasitakoa erakutsi zuten LOKEko judokek

Maialen Chourraut kiroldegiko kantxa tatami handi bihurtu zuten. Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) judo ataleko kirolariek ikasturte amaierako erakustaldia egin zieten senide eta lagunei. Jauziak, erorketak, giltzak... entrenamenduetan eta txapelketetan zehar ikasitako hainbat alor erakutsi zituzten. Borrokak ere ikusi ahal izan zituzten harmailetatik eta ikusleak aho bete hortz utzi zituzten esekidura eta itzulipurdiak egin zituzten judokek.

Herritarren gorputz eta bihotzak berotu zituen San Joan bezperako suak

Gizakia gizaki izaten hasi zen momentutik ekin zion Lurraren aroak ospatzeari. Udaran sartu berritan, urteko egunik luzeenaz gozatu zuten lasarteoriatarrek Andatza plazan, San Joan bezperako suaren bueltan. Horren aurretik dantza egin zuten Erketz EDTko dantzariek eta udal korporazioko zenbait zinegotzik, Alboka Abesbatzakoek abestu eta Zero Settekoek akordeoiak jo bitartean.

Zirrara eta emozioa ez ziren falta izan Michelingo bolatokian

Herriko festen aurreko partidak jokatu zituzten herritarrek, Ostadar SKTko Bola Joko eta Toka saileko partaideek antolatutako tiradetan. Udalerriko nahiz inguruko herrietako jokalari ugari etorri ziren lehiatu bitartean gozatzera eta horixe bera egin zuten: partida guztiak izan ziren zirraragarriak eta emozionanteak.

Rally berezietan bereziena

Scooter Club Euskadi duela mende laurden hasi zen hango eta hemengo motorzaleak elkartzen, rallyak antolatuta. Horietatik 11 egin dituzte gure herrian; 2015etik aurrerako guztiak. Batzen dituen pasioaz gozatu zuten ekainaren 12tik 14ra.

Kapitain aldaketa jaietako Sorgin Dantzan

Historikoak izan ziren San Pedro Jaiak: aurreneko aldiz emakume batek gidatu zuen herria alderik alde zeharkatu zuen Sorgin Dantza: Oihane Belartieta gazteak hartu zuen Mikel Eskisabelen lekukoa. Bestalde, udalak Urrezko Neskak omendu zituen festetan. Sorgin Jaiak-ek, ohi bezala, festa eredu alternatiboaren alde egin zuen. Osasunaren aldeko LOOPA plataforma omendu zuen.