2025ari errepasoa: maiatza

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, jaialdian jasotakoa eskertzen.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, bukatzear den 2025ak eman duenaren errepasoa. Artikulu honetan irakurriko dituzue maiatzeko berri nabarmenenak.

Denboraldia agurtzeko, festa ederra 

Ostadar SKTko orotariko diziplinetako kirolariak saritu zituzten, Oriarte BHIko patioan bilduta. Aiora Belartieta arraunlariak jaso zuen Kirolari Onenaren Saria, eta Felix Telleriak Auzolan saria. Gainerakoan, sail bakoitzeko kirolari jatorrenei oroigarriak banatu zizkieten, ohiko legez. 

Azkorteko erromeria ospatu zuten 

Tradizioari eutsita, jende asko joan zen Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako Azkorteko erromeriara. Eguraldi txarra iragarrita bazen ere, lainoek ez zuten euririk bota. Fededunak baselizan izan ziren, meza entzuten. Alboka Abesbatzak zenbait abesti ere kantatu zituen. Ttakun KEko kideek prestatutako jakiak dastatzeko tartea ere izan zen. Bien bitartean, Lierni Arozena eta Olaia Recondo trikitilariek jotako doinuek girotu zuten hamaiketako ordua. Bukatzeko, herri kirolen erakustaldia ospatu zen. Alde batetik, Mugerza anaiak, Ugaitz eta Aratz, aizkorarekin aritu ziren, aurrez aurre. Bestetik, Beñat Telleria harrijasotzailea ere presente izan zen. 

Bigarren eskuko bitxikeriak salgai 

Scooter Club Euskadi elkarteko 25. urteurrena ospatzeko, ekimen berezi asko antolatu ditu, urtean zehar.  Horien artean, Mercadillo Brocante azoka ospatu zuen, maiatzean. Motorren bigarren eskuko tresnak saldu ziren, eskuratutako diruarekin elkartearen hurrengo ekitaldiak finantzatzeko. Alabaina, ez ziren soilik motorzaleentzako bitxikeriak saldu. Liburuak ere salgai izan ziren, komikiak, biniloak, kaseteak, arropa eta orotariko apaingarriak ere.

Eszenatoki erraldoia izan zen Andatza plaza 

Pop-rock musika estiloen inguruko festibala ospatu zen, hilaren 24ean. Hiru artistek jo zuten; Yacare talde madrildarrak, Marlena duo katalanak eta azkenik, Da Igual-ek. San Pedro Jaietarako hilabete eskas falta zelarik, lasarteoriatarrek gogotik disfrutatu zuten. 

Ederra egin zuten aurtengo jaietan ere

Aurreko urteetakoak baino auzoko jai koloretsu, dibertigarri eta jendetsuagoak antolatzea ez zen erraza, baina zabaletarrek koskak igotzen jarraitzen dute urtez urte. Teresaren jaitsiera eta Porrotx eta Marimotots pailazoen pregoia, ezusteko opari eta guzti; txalapartarien harrera eta Sorgin Dantza herrikoia; parranda gauetako kontzerturen bat edo beste; larunbat eguerdiko sagardo festa, aurtengo berrikuntzetako bat izan dena; eta festetako azken egunetako une ugari, besteak beste proba misto nagusia edota toka txapelketa. Ederrak izan ziren aurtengo jaiak.

Gasteizeko mobilizazioarekin bat egin zuten herriko pentsiodunek

145.142 sinadura erregistratu ditu EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean. Tramite horren bitartez gutxieneko pentsioa Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea galdegin zuten. EAEko hiru lurraldetako pentsiodunak batu ziren Gasteizen (Nafarroako ordezkaritza bat ere izan da bertan), horien artean, lasarteoriatarrak ere bai. Azken horiekin egin zuen Gasteizerako bidaia TXINTXARRI aldizkariak ere.

Abesbatzen arteko trukean, guztientzat onura

Lasarteoriatarrak joan ziren iaz Beasainera, eta beasaindarrak etorri ziren aurten Lasarte-Oriara. Elkartruke egitasmoaren barruko bigarren kontzertu bateratua eman zuten Alboka eta Loinatz abesbatzek, Ama Brigitarren komentuan. Herritarrek bi pieza interpretatu zituzten aurrena, bisitariek euren errepertorioko kantu onenetako batzuk erakutsi zituzten gero eta elkarrekin amaitu zuten emanaldia, beste bi abesti eskainita. Ordubete pasatxoko errezitaldiaren ostean, ikus-entzuleek zutik eta txaloka agurtu zituzten talde bateko eta besteko kideak. 

Txaranga doinuez beteriko eguna

Oaintxe in deu! txarangak 10 urte bete ditu aurten. Urteurren borobila ospatzeko asmoz, Txaranga Eguna antolatu zuten, maiatzaren 17an. Egun osoz txaranga doinuek girotu zuten herria. Gipuzkoako zein herriko taldeek jo zuten; Joselontxos, Oaintxe in deu!, Arranopola eta Mutil Gazteak taldeek. Giro ederra sortu zuten denek.

Komunitate multikulturala izatea aberastasuna dela erakutsi zuten

Bizipoza taldeak Lasarte-Oriako kulturartekotasuna ardatz, Milakultura festa antolatu zuen. Goizetik ilunerako ospakizuna izan zen, goizean herriko ikastetxeetako umeek girotu zuten enparantza. Arratsaldean, jatorri ugarietako pertsonek hartu zuten plaza. 

1.000 saioaren harira, elkarrizketa Nerea Navarro Mercerori 

Milagarren atalaren langa gainditu zuen ETB1eko Biba Zuek! saioak. Erredaktore gisa eman zituen lehen urratsak Navarrok, eta, koordinazioan aritu zen gero; orain, berriz, programaren zuzendaria da. 1.000. saioa emititu zuten apirilean.

Emandakoa bueltan jaso zuten

Duela 20 urte kaleratu zuten Maite Zaitut abestia Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Urteurrenaren harira, festa erraldoia antolatu zuten Barakaldoko BEC erakustazokan 14.000 bihotz sudurgorrik "maite zaituztegu" esateko.