2025ari errepasoa: apirila

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Viña del Mar tabernako jabeak, senideak eta herriko txistulariak.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, bukatzear den 2025ak eman duenaren errepasoa. Artikulu honetan irakurriko dituzue apirileko berri nabarmenenak.

Esan gabekoei forma emateko adierazpidearen piztualdia

XII. Dantza Topaketa aurrera eraman zuten Okendo plazan Kukuka eskolak, Erketz EDTk, Semblante Andaluz elkarteko Duende taldeak, Amaia Gonzalez Caballero akademiako ikasleek eta Sahara Taldeko dantzari finek. Aurretik, aurtengo Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, Mikhail Baryshnikov koreografo letoniar-estatubatuarraren gogoetak irakurri zituzten.

Dublin alderik alde ezagutu zituzten Ostadar Ipar Martxakoek

Pazko Astea baliatu zuten Ostadar Ipar Martxako kideek bidaia eder bat egin eta Irlanda eta bere hiriburua ezagutzeko. Egunez egun makilak hartu eta ibilbideak egiteaz gain, Dublineko eraikin, taberna eta bestelako arretaguneez gozatu zuten; besteak beste, Laoghaire-ko kostaldetik Killiney-rako bidea egin zuten kirolariek, Red Bulls irlako hondartza zeharkatu zuten, Howth penintsula bisitatu zuten eta harrera bikaina egin zieten Mary eta Paul bikotearen etxean bazkaldu zuten Thormanby road kaleko Lomond House delakoan, eta Temple Bar auzo famatuan afaldu zuten, Gogarty Pub tabernan.

AVK Gipuzkoa Sortzen taldea Euskal Ligako finalerdietan, urrats inportantea eginda

AVK Gipuzkoa Sortzen taldeak pauso garrantzitsua eman zuen apirilaren 24an. BRT Menditarrak 22-17 gainditu zuen ekipoak. Garaipen horri esker, sailkapeneko laugarren postuan amaitu zuen fase erregularra Gipuzkoa Sortzenek eta I. mailako ligako lauko lehian sartu zen.

Futbolaz gaindiko txapelketa 

Texas Lasartearrak eta Aspanogi Elkarteak II. Benjamin Txapelketa prestatu zuten, hilaren 26ean. Gipuzkoako zein Lapurdiko zortzi futbol taldeek parte hartu zuten: Kostkas, Sporting Herrera, Vasconia, Sanse, Les Eglantins, Martutene, Ostadar eta Texas Lasartearra. Guztira 2015. eta 2016. urteetan jaiotako 250 bat ume aritu ziren norgehiagokan. Egun euritsua eta haizetsua izan zen. Dena den, umeek ederki pasatu zuten, futbolean jokatzen. Bi finalak Martutenek eta Vasconiak irabazi zituzten; etxeko taldeak ez ziren lehenengo fasetik pasa. 

Lokatzez zipriztinduta egin zuten txirrindulariek BTT proba 

Rural Kutxa BTT Lasarte-Oria 2025 proba MX Racingek eta Lasarte-Oriako Saiatuz txirrindulari taldeak, udalaren laguntzarekin batera antolatu zuten. Eguraldia euritsua eta goibela izan arren, makina bat txirrindularik hartu zuen parte. Partaideen jatorria ere ugaria izan zen. Izan ere, lasarteoriatarrak ez ezik; usurbildarrak, bilbotarrak eta kolonbiarrak ere aritu ziren, besteak beste. 

Beroketa ariketak egiteko tartea izan zuten 

Beroketa ariketa lanetan murgiltzeko, herriz herri ibili zen gune ibiltaria, Euskal Herrian zehar. Hilaren 13an, Okendo plazan egin zuen parada, Euskaraldia hasteko hilabete baino gutxiagoren faltan. Bertaratutakoek ekimenaren inguruko nondik norakoak jaso ez ezik, magia ikuskizun bereziaz gozatzeko aukera izan zuten. Ordulariko orratzak gaueko bederatzietara iristean, gune ibiltariak Oiartzunerantz partitu zuen. 

'Retazos' bilduma osoaren aurkezpena egin zuen Jose Luis Navarro herritarrak 

Retazos bilduma aurkeztu zuen Jose Luis Navarro historialari lasarteoritarrak, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Lasarte-Oriari buruz aurkitutako XX. mendera arteko idazki eta prentsa artikuluekin ondu zituen lau idazkik osatutako liburua. Idazlan horietan aurki daitekeen informazioaren berri eman zien bertaratu zirenei. Ekitaldi amaieran, bilduma bana jaso zuen entzule bakoitzak

Bola eta toka jokalariek giro ederrean lehiatu zuten kopako jardunaldia 

Ostadar SKTko bolo eta toka saileko kideek Gipuzkoako kopako jardunaldia antolatu zuten hilaren 13an, Michelin kirol gunean. Giro ederrean, lurraldeko 56 bolari igaro ziren. Tamalez, Ostadarreko kideek ez zuten zortea lagun izan eta ezin izan zituzten lehen postuak bete. Tokan ere punteria fin dutela erakutsi zuten lehiakideek.

Loreak eta landareak loratu ziren Okendo Plazan 

Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin eta deKolore Natur Azokarekin elkarlanean antolatuta, Loreen eta Landareen XII. Azoka Okendo plazan egin zen, ohiko legez. Enparantzan hamabi postu jarri zituzten, horien artean, bat herriko ekoizle batena izan zen. Saltokietan, loreen eta landareen, eta horiekin egindako produktu ugari saldu ziren. Giroa koloretsua eta alaia izan zen. Eguzki izpiak aprobetxaturik, jende mordoa Okendo Plazara gerturatu zen, eta postuak ikuskatzen aritu direlarik, ezagunekin hitz egiteko tartea ere egin zuten. 

Azkenekoz bildu ziren sinadurak lortzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko pentsiodunek hilero kobratzen dituzten ordainsariak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (1.184 euro) parekatzea eskatzen jarraitu zuen. Horretarako, Herri Ekimen Legegilea (HEL) ondu zuten, auzia plazaratzeaz gain, herritarren babesari esker agenda politikoan ere sartuzedin. Herriz herri antolaturiko eragileek sinadurak biltzeko hainbat saio antolatu zituzten azken hilabeteetan; apirilaren 4ean egin zuten Lasarte-Orian azkena.

'Hezur berriak' lana argitaratu zuen Ane Labaka Mayozek

Idazle lasarteoriatarraren lehen poesia bilduma da Susa argitaletxearekin kaleratutakoa. Haurdunaldi betean eta umearen lehen hilabeteetan kokatutako 49 olerki jaso ditu, bi ataletan banatuta: Aurrea eta Ondoa, egilearen haurraren jaiotzak banatutakoak. "Ez da amatasunari buruzko liburu bat, ezpada horrek markatutako biziaro jakin batean idatzitako poema sorta", azaldu zuen Labakak.

Gipuzkoako eskolarteko txapelketako finala jokatu izanaren bizipenez

Maddi Lasa Ormazabal bertsolari lasarteoriatar gaztea elkarrizketatu zuen TXINTXARRI aldizkariak, Earra! eskolako kide horrek Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatu eta gero. Saio erabakigarri hori jokatu aurreko urduritasuna baretuta, finalaz "disfrutatu" egin zuela kontatu zuen. 18 urteko herritarrak txapelketa horretan parte hartzeko azken aukeran lortu zuen azken faserako sailkapena; aurretik, beste hiru eskolarteko jokatu zituen.

Zainketa aringarrien harira, hitzaldia eman zuten elkarrizketaren ostean

Heriotzari buruz gogoeta egitea edota mintzatzea ez da osasunarentzat kaltegarria eta ez du hori egiten duenaren bizitza laburtzen. Are gehiago, bizitzaren beraren etapa bat den horri buruz jardutea "askatzailea eta lagungarria" dela deritzote zainketa aringarrietan lan egiten duten bi herritarrek, Eli Elizegik eta Iñigo Suberbiolak. Zaila izanagatik, ez da ezinezkoa, Arrieskalletara bertaratu ziren dozenaka herritarrekin partekatu dituzten bi ordu pasatxotan erakutsi zutenez.

Solasaldiaren aurreneko zatian zalantza iturburu izan ohi diren kontzeptu ugari esplikatu zituzten: sufrimendua, tematze terapeutikoa, tratamenduari uko egiteko eskubidea, zainketa aringarriak... Bigarrenean, ikus-entzuleekin solasean aritu ziren.

Atal historikoa agurtzeko festa

56 urtez irekita egon ostean, Viña del Mar taberna apirilaren 15ean itxi zen. 1969. urtean Mari Carmen, Begoña, Chicho eta Goyo anai-arrebek hasitako ibilbidea ganoraz amaitzeko asmoz, festa antolatu zuten, familia eta lagun artean. Dantzan aritu ziren, eta zizka-mizken artean, hainbat bitxikeri gogoratzeko tartea ere izan zuten.