Sardinaren erretzearekin agurtu zituzten Inauteriak
Disney unibertsoko pertsonaia eta istorioak hautatu zituzten batzuek mozorroak prestatzeko (udalak iragarritako gaia izan zen hori, parte hartze prozesu bidez hautatua), eta Sorgin Jaiak-ek proposatutako euskal ikus-entzunezkoak besteek (eragile horrek urte osoan egitasmoak aurrera eramateari ekin zion, herriko jaiez aparte). Denen artean, ikusi eta entzuteko moduko fantasiazko Lasarte-Oria bat irudikatu zuten Inauterietan zehar, batez ere, martxoaren 1ean.
Mozorro festa horri sardinaren ehorzketarekin eman zioten amaiera.
Iturralde eta Balerdi gogoan, Lasarte-Oriako EH Bilduk
Aipatu alderdiak Memoriaren Parkean agerraldia egin zuen Argi Iturralde eta Juankar Balerdiren memoria errekonozitua izatearen beharra aldarrikatzeko. Ildo horretatik, salatu zuen errepidean hil diren hamasei senide eta lagun horien memoria aitortua izateko eskubidea urratzen ari dela.
Andaluzia eguna gogotik ospatu zuten Semblante Andaluz-eko kideek
Andaluziaren xarma eta grazia erakutsi zuten aurten ere Semblante Andaluz elkarteko kideek, probintzia hori goratzeko egunaren bueltan zenbait ekimen aurrera eramanda: ohorezko ardoarekin topa, meza rozieroa, bazkaria eta Jose de la Bahia nahiz Daniel Ayala musikarien flamenko kontzertua. Zenbait herritarrek eta udal ordezkarik jarduera horietan parte hartu zuten.
Inurritegia laguntzeko helburuarekin
Izan Iñurri elkartea diruz laguntzeko asmoz ekimen solidario bat aurrera eraman zuten zenbait eragilek, Antonio Mer cero aretoan. Ariketak egin eta musika nahiz zenbait testigantza entzun ostean, elkarrekin gosaldu zuten jardueran parte hartu zutenek.
Sudurgorriei elkarrizketa, Maite Zaitut jaialdiaren harira
Maite Zaitut festa erraldoia aurrera eramango zuen Maite Zaitut Kultur Elkarteak maiatzaren 3an, Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Center-en. Horren gainean galdetzeko, protagonistak elkarrizketatu zituen TXINTXARRI-k. Omenduak izango zirela jakin zutenetik urratutako bidea "oso polita" izaten ari zela esan zuten hiru pailazoek.
Maialen Chourrautek urteko lehen lehiak hasi zituen
Lasarte-Oriako kirolaria urtarriletik otsailera Australian izan zen Espainiako selekzioarekin entrenatzen eta lehian. Pirinioetako Kopako lehen jardunaldia jokatu zuen Pauen (Frantzia) eta hilaren 15ean eta 16an, bigarren saioa izan zuen La Seu d'Urgell-en.
Oria alboko pasealekua itxi zuten, obrengatik
Oria ibai alboko pasealekutik Zubieta edo Usurbileraino joateko ohitura dutenek denbora batez aldatu egin beharko zutela ohartarazi zuen udalak, pasabide hori itxi zuelako Michelingo kiroldegi berria eraikitzeko obrak direla-eta. Erakunde horretako ordezkariek argudiatu zuten "ezinbestekoa" zela lan horiek egitea, "udalerriko kirol instalazioak hobetzeko".
Iparragirre pilotari gaztea, Errendimendu mailako Gipuzkoako txapeldunorde
Pilota modalitate ezberdinetako Udaberri txapelketako zein Errendimendu txapelketako lehen finalak jokatu ziren hilaren 14tik 16ra eta Errendimendu mailako infantil nesken lehian herritar bat izan zen jokoan: Itxaso Iparragirre. Zazpi Iturri taldearekin jokatu zuen binakako txapelketa herriko pilotariak; Maria Balerdi izan zuen lagun eta txapeldunorde izan zen.
Norbanakoak, Euskaraldian
Euskaraldian Ahobizi edo Belarriprest izateko izena eman zezaketela iragarri zuten udal ordezkariek eta Ttakun Kultur Elkartekoek. Bestalde, herriko koordinazio guneko eragileek bideo lehiaketa erakargarri bat abian jarri zuten: banaka edo binaka, familian edota taldeka parte hartzeko aukera izan zuten herritarrek.
Fribomialgia ikustarazteko erronka
Fibromialgia gaixotasuna ikusarazteko helburuz, 200 kilometroko erronka osatu zuen Beñat Garcia Escribano herritarrak.
Bizitzatik hitz egin zuten heriotzaz
Hiltzeaz mintzatzea "naturala eta beharrezkoa" dela uste duten Eli Elizegi eta Iñigo Suberbiola Zainketa Aringarrietako osasun langileak elkarrizketatu zituen agerkari honek. Heriotzari buruzko dudak argitzen saiatu ziren, Arrieskalleta elkartean.
Festa eta aldarrikapena
Lasarte-Oriako Gazte Asanbladak, Senti gaitzatela! lelopean, Gazte Eguna ospatu zuen hilaren 22an. Horretarako, hainbat ekitaldi aurrera eraman zituzten eragile horretako kideek goizetik gaueraino; manifestazioa, bertsopoteoa, bazkaria eta kontzertuak, besteak beste. Ospakizuna alaia eta bizia izan arren, aldarrikatzeko tartea ere izan zuten.
Emakume elkartekideen topaketa
Herriko elkarteetako bazkide diren emakume ugarik elkar ezagutzeko eta egiten duten lanaren garrantzia nabarmentzeko topaketa aurrera eraman zuten. Segida izango du datorren urtean, Semblante Andaluz-ek hartuko baitu Extremadura Etxekoen lekukoa.