2025ari errepasoa: otsaila

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Herriko pentsiodunen taldeko kideak, herritarren sinadurak biltzen.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, bukatzear den 2025ak eman duenaren errepasoa. Artikulu honetan irakurriko dituzue otsaileko berri nabarmenenak.

Lurra lozorrotik esnatu zuten herriko ikasle, irakasle eta eragileek

Santa Ageda bezpera ospatu zuten, goizetik iluntzera arte. Garaikoetxea-Landaberriko gaztetxoek eta nagusiek, Erketz EDT, Zabaleta Auzolan, Xumela korua, herriko txistularien taldea eta Earra! bertso eskola jardun ziren aurten oles egiten, herriko kaleetan barrena.

Aitor Manso gidariak 2024ko Euskariko txapelketako sariak jaso zituen

Aitor Manso herritarra mendi igoeretako txapelketako podiumera igo zen Euskadiko Automobilismo Federazioko sari banaketan. 9. mailako garaikurra eta sailkapen orokorreko bigarren postuko saria jaso zituen, baita Espainiako txapelketako jardunarengatik oroigarria ere.

Euskaraldia, martxan

Abian jarri zuten Euskaraldia gure herrian ere eta koordinazio guneko kideek mugiarazi zituzten lehenengoak izan ziren elkarte eta eragileetako ordezkariak.

Egitasmoaren helburuak eta maiatz amaierara arteko bide orria azaldu zizkieten.

Produktuen bilketa, Sahararentzat

Mendebaldeko Saharako herritarrentzako askotariko produktuen bilketa aurrera eraman zuten, Eroski eta SuperBM supermerkatuetan, otsailaren 8an.

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak postu bana jarri zuen bi establezimendu horietan, bezeroek erosketak egin ahala, beharrezko produktuak erraz eman zitzaten: arroza, pasta, kontserbak, lekaleak (dilistak, txitxirioak eta babarrunak), konpresak eta azukrea.

Herritarren prestutasuna handia izan zen, goizeko hamarretatik ordubietara jende asko gerturatu baitzen laguntzeko asmoz.

Munduko txapelketarako sailkatzea lortu zuen Saletak

Alex Saleta herritarrak balentria ederra lortu zuen errugbiko Espainiako Selekzioarekin, 2027an Australian jokatuko den Munduko Koparako sailkapena. Eta 27 urteren ostean, Espainiako selekzioa nazioarteko txapelketara itzuliko da.

Elikagaien xahutzea saihesteko

Elikagaien xahutzea murriztu eta kontsumo arduratsua sustatzeko, Rexcatering proiektua martxan jarri zuten udalak, Oriarte BHIk eta Fundacion Cero Residuo-k, elkarlanean. Horren berri eman zuten, prentsaurrean. Arduradunek jakinarazi zuten jangelako soberakinak bildu eta banatzeko asmoa zutela eta horrek, ahalbidetuko zuela jakiak alperrik ez galtzea.

Laburmetraiak proiektatu zituzten, estreinakoz

Euskal Dokumentalen Zikloak laburmetraiak eman zituen lehen aldiz. Kasu horretan, lau proiektatu zituzten. Gerora, horietako biren zuzendari diren Telmo Iruretak eta Nagore Eceizak publikoarekin hizketan aritzeko tartea izan zuten.

Martin eta Garmendia, ederki pista txapelketan

Gipuzkoako pistako txirrindularitza txapelketa jokatu zuten hilaren 16an, Donostiako Antonio Elorza belodromoan. 
Aipatu eraikin horretako konponketak medio, pista lehiaketako jardunaldi bakarra jokatu zuten kirolariek aurten. 50 bat txirrindulari batu ziren belodromoan eta Luken Garmendia eta Xabat Martin herritarrek Andoaingo Txirrindulari eskolarekin parte hartu zuten. Lasarte-Oriako gazteak kadete mailako proba ezberdinetan podiumera igo ziren.

Ostadar Boleiboleko Euskal Ligako taldeak igoera fasean

Ostadar SKTko Euskal Ligako II. mailako taldeak pauso ederra eman zuen hilaren 15ean, Maialen Chourraut kiroldegian. Galdakao BT Elexalde 3-0 garaitu eta igoera faseko finalerdietara sailkatu zen talde urdin-beltza.

Asier Acuriolaren taldeak liga erregularreko azken neurketa galtzeak sortu zion zapore garratza kentzeko baliatu zuen igoerako final laurdena eta finalaurrekora begira konfiantza eman zion ekipoari.

Herriko osasun etxeko zuzendaritzari bilera eskatu zion LOOPAk

Lasarteoriatarrak jasaten ari ziren osasun arreta eskasarekin eta, oro har, Osasun Publikoaren egoerarekiko kezkatuta, elkarretaratzea aurrera eraman zuen LOOPA plataformak. Gure medikuak non daude? irakur zitekeen afixaren atzealdean batu ziren herritar asko, eta guztiek bat egin zuten aldarrikapen berarekin: osasuna oinarrizko giza eskubidea dela, eta kalitatezko Osasun Publikoaren aldeko defentsarekiko konpromisoa.

Mobilizazioaren amaieran, plataformako kideek bilera eskaera egin zioten herriko osasun zentroko zuzendaritzari, gutun bat entregatu zieten.

Bertsoa izan zen otorduetako protagonista nagusia

Irakurle Txokoak antolatuta, hamargarren urtez, lagun eta otordu artean, bertsoez gozatzeko tartea eskaini zuten Xirimiri Elkartearen baitan. Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi aritu ziren bertsotan, ohikoa bilakatu denez; Unai Iturriaga idazleak jarri zizkien gaiak.

Ttakunenea elkartean, berriz, Faktoria egitasmoko eta Earra! bertso eskolako kideek elkarlanean egin zuten jardueraz gozatzeko abagunea izan zuten herriko gazteek. Antolatzaileen helburua zen gazteek euskaraz egin bitartean disfrutatzea, eremu informalagoetan ere.

Arrakastatsua izan zen XVII. Itsaspeko Zinema Zikloa

Sei film labur eta dokumental luze bat ikusi zituzten XVII. Itsaspeko Zinema Zikloaren azken saiora joan ziren herritarrek. Ordukoan ere, aurreko bi emanaldi egunetan bezala, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioa bete zuten ikus-entzuleekin.

'Enrédate', 65 urtetik gorako lasarteoriatarrentzat

Enrédate izeneko ekimenaren bigarren saioa aurrera eraman zuten herriko Gurutze Gorriaren egoitzan. Proiektu horren helburua zen 65 urtetik gorako pertsonak saretzea, horren bitartez, bakardade sentimendua murriztu eta gizarte isolamendua saihesteko.

Saio bat zuzenean ezagutzeko aukera izan zuen TXINTXARRI-k. Mihise bana koloreztatzen harrapatu zituen aldizkariko kazetariak ekimenean parte hartzen ari ziren erabiltzaileak: Aquilino Garcia, Primitivo Maneiro eta Pello Gallo. Kazetariaren bisitak, ordea, aztoratu egin zuen apur bat euren jarduna; lan horiek alde batera utzi eta berriketan hasi ziren bisitariarekin.