2025ari errepasoa: urtarrila

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Elkartasun sareko zenbait kide, urtarrilaren 28ko afariak prestatzen.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, bukatzear den 2025ak eman duenaren errepasoa. Artikulu honetan irakurriko dituzue urtarrileko berri nabarmenenak.

Aiora Arrese, Ander Lipus eta Jose Luis Navarrori elkarrizketak

Aiora Arresek Perdida encontrándome liburua kaleratu zuen, eta horren berri emateko elkarrizketatu zuen TXINTXARRI-k. Ander Lipusekin, aldiz, Miñan antzezlanaz mintzatu ginen, eta Navarrorekin, berriz, Dos libros del siglo XVII izan genuen solasgai. 

'Zerua lapurtu dute' aurkeztu zuten pailazoek, Pasaian

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek sudurgorri lasarteoriatarrek euren azken lana aurkeztu zuten Pasai San Pedroko Albaola Itsas Faktorian. Katxiporretaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen elkarlanetik sortu zen disko liburu ilustratua da. Azken erakunde horretako ordezkariak ere agerraldian izan ziren.

Eider Redondo eta Hodei Murgiondo, Euskadiko proba konbinatuetako onenen artean

Pista estaliko bakarkako txapelketa garrantzitsuak jokatu ziren. Lehena proba konbinatuetako 16, 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketa izan zen. Urtarrilaren 3an eta 4an lehiatu zuten hitzordua Donostiako belodromoan. Ostadar SKTko Eider Redondo Juarez eta Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo Hernandez herritarrek gaztetxoenen mailan gogor borrokatu eta lehen hiru postuetan amaitu zuten txapelketa. 

LOKEko tenislariak, Gipuzkoako txapelketetan

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) Tenis ataleko kideak banakako Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten urritik abendura eta taldeko hiru kide finaletan izan ziren lehian. Lide Sobrado kadeteen mailako txapeldunordea izan zen. Kontsolazio finaletan bi taldekide garaile izan ziren maila ezberdinetan: Laiene Ugarte, kadete mailan, eta Oihane Iradier, infantil mailan.

Gailu elektronikoak eramateko adina atzeratzea xede

Lasarte-Oriako Altxa burua taldeak, udalarekin eta Aterpea merkatarien elkartearekin elkarlanean, Gurea erabil dezakezu ekimena aurkeztu zuen. Egitasmo horren helburuetako bat da gazteei gailu elektronikoak ematearen adina atzeratzea. 

Errefusa biltzeko edukiontziak puskatuta zeudela salatu zuen Aire Garbia plataformak

Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak salatu du udalak martxoan ezarritako sistema ez dela funtzionatzen ari: "Udalerrian giltzatutako edukiontzi grisetan oinarritutako hondakin bilketa dagoela esatea ez da egia". Hori "lehenbailen" ebaluatzea galdegin zioten alkateari.

Atsobakar kirol gunea kirolariak jasotzeko prest

Lau hilabetez "Iberdrolaren zain" egon ostean, Atsobakarreko kirol instalakuntza berriak ateak irekiko zituela iragarri zuten Agustin Valdivia alkateak eta Kirolak saileko zinegotzi Goizalde Pildainek. Zehaztu zuten klubek, herritarrek zein Buruntzaldeko kirol abonatuek erabili ahalko zutela aipatu eremua.

II. Euskal Ligako podiumean izan ziren herritarrak

Urtarrilean kroseko hitzordu garrantzitsuak lehiatu zituzten. Hilaren 5ean, Nazioarteko Juan Muguerza krosa jokatu zen Elgoibarren eta hilaren 12an, aldiz, Euskadiko txapelketa zen Txingudiko krosa. Azken horretan, gainera, II. Euskal Kros Ligako sariak banatu zituzten eta bi herritar izan ziren ligako podiumean: Mari Carmen Olaso eta Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza.

Antonio de Oquendo eta Santa Brigidaren bizitzak

40 bat herritar bertaratu ziren urtarrilaren 17an kultur etxeko hitzaldi aretora Jose Luis Navarroren azken lanaren berri izateko. Herriari buruzko historia ikertzen eta zabaltzen urteak eman zituen eta burututako ahaleginaren zazpigarren fruitua zen udalak urte hasieran argitaratu zuen liburua.

Inauterietarako gaia proposatu zuten sorginek

"Genero berdintasuna, euskara, eta, batez ere, kontsumo eredu jasangarri batetik eratorritako" festa eredua aldarrikatu zuen Sorgin Jaiak eragileak eta herritarrak animatu zituen euskal ikus-entzunezkoetan oinarrituko ziren mozorroak prestatzera.

Euskal Ligako igoera, kadeteentzat

Ostadar Saskibaloia ataleko Kadete Errendimendu Urrea taldeak Antigua Luberri eta Askatuak Yoga Shala garaitu ostean, sailkapen faseko txapeldun izan zen. Junior eta Kadete Errendimendu Zilarra ekipoek ere maila igoera jokatu zuten.

Mediku falta salatu zuen LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde plataformak

Herritarren erdiak baino gehiagok, % 56k, medikurik ez zuela deitoratu zuen LOOPA plataformak, manifestazioa eginda. Dozenaka herritarrek parte hartu zuten eragile horrek deitutako manifestazioan, osasun zentrotik Loidibarreneraino.

KriolTxartela Mugiment egitasmoarekin bat

Eusko Jaurlaritzak sustatutako KirolTxartela Mugiment txartel birtualarekin bat egin zuen udalak.