Hasi du bere ibilbidea 'Kriseilu' asanbladak

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 28a

Hainbat pertsona hurbildu ziren lehenengo asanblada irekira.

Lehenengo asanblada irekia egin zuen Kriseilu Lasarteko Gazte Langileon Asanbladak, aurreko ostiralean, kultur etxeko hitzaldi aretoan.  

Aurreko larunbatean, hilak 20, aurkeztu zuten Kriseilu Lasarteko Gazte Langileon Asanblada herriko hainbat gazteek. Taldea xede honen ildotik sortu dute, hots, Lasarte-Oria argiztatzeko asmoz, askatasuna helburu duten herriko eragileei eta praktika kulturalei zein politikoei espazioa ematea. Aurkezpen hartan, besteak beste, Kriseiluren oinarriak azaldu zituzten, helburuarekin eta funtzionamenduarekin batera. Hitzezko azalpenak ez ezik, berariazko bideoaz ere baliatu ziren. Hori guztia berreskuratzeko asmoz, lehenengo asanblada antolatu zuten, ostiral honetan. Herritar oro gerturazeko gonbitea ere zabaldu zuten, larunbateko gizarteratzean eta horri jarraiki, gazte mordoa batu zen, ostiralean, kultur etxean. 

Asanblada irekia oinarriak azalduta hasi zen: independentzia politikoa eta zapalkuntza ororen aurkako borroka. Alde batetik jakinarazi zuten independentzia politikoa gazte langileen interesak kontuan hartuta antolatzeko baliabidetzat ulertzen dutela, burgesiarengandik eta bere instituzioengandik at organizatzeko. Bestetik, egungo iritzi eta jarrera erreakzionarioen gorakadaren aurrean izan beharreko jarrera azpimarratu zuten. Lasarten horri aurka egin nahi dutelako, bigarren oinarria intentzio horri jarraiki zehaztu omen dute. Taldearen barnean ere horrelako jokabideak ere ez dituztela onartu gaineratu zuten.  

Asanblada testuinguratzeke, Autodromoa egitasmoa gogora ekarri zuten. Izan ere, urrian, kulturaz eta politikaz hausnartzeko asmoz, bilera antolatu zuten. Bertan partekatutako kezketatik eta ideietatik abiatuta errotu da Kriseilu Lasarteko Gazte Langileon Asanblada. Antolakuntzaren kultura hedatzeko asmoz, aurreko larunbatean, hilak 20, jardunaldi kulturala antolatu zuten, eta arestian esan bezala, egun hartan plazaratu zuten asanblada. Ostiralean, ekitaldiaren gaineko balorazioa ere egin zuten. Hark izandako harrera positiboaren aurrean, oso pozik zeudela aitortu zuten antolatzaileek. Herritar oro gerturatu zen, gazte zein heldu eta interes askotarikoak, eta horrekin batera, herriko hainbat eragilerekin harremana ona izan zen. Dena den, taldearen nondik norakoak zabaltzeko, jarduera gehiago preparatuko dituztela esan zuten. Urtarrilean zehar, hainbat ekintza egin nahi dituzte. 

Batera jarduteko prest

Bukatzeko, elkarlanean aritzeko prest direlako, bileretara eta ekintzetara gerturatzea animatu nahi izan zuten herritar orori. Era berean, herriko talde guztiekin ere auzolanean aritzeko irriketan agertu ziren; auzo elkarteekin, herriko sortzaileekin, kultur elkarteekin, eta abarrekin. Kriseiluk presentzia digitala ere, izan, baduelako, sare sozialetako kontuak jarraitu, eta difusio kanalean harpidetu ahal da.