Sansek irabazi du Kadete Nesken Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 27a

Aurten ere, Ostadar SKTk Kadete Nesken Txapelketa antolatu du, Mitxelin kirolgunean. Giro ederra izan da, eta jende asko gerturatu da futbolaz gozatzera, lehiaketaren bigarren edizio honetan. 

Zazpi talde elkartu dira Mitxelingo berdegunean: Real Sociedad SAD, Usurbil FT, Errenteriako Touring KE, Zizurkilgo Aiztondo NKK, Donostiako Arrupe Chaminade, Urnieta KE eta Ostadar SKT. Goizean goiz hasi dira txapelketaren lehen fasearekin. Ostadarrek eta Usurbilek jokatu dute lehenengo partida. 25 minutukoak izan dira neurketak. Hotza egiten zuelarik, jende gutxi bildu da norgehiagoka ikusteko. Dena den, orduak igaro eta eguzkiaren izpiek Mitxelin epeldu ahala, hurko mordoxka batu da zelaiaren inguruan. Sei partidek osatu dute lehenego fasea. Jokaldi ederrak egin dituzte jokalariek, eta zelaian ez ezik, aulkietan euren ekipoa animatzen ari zirela, ederki izan dira kadete kategoriko neska guztiak. 

Bigarren fasearekin eguerdi aldera hasi dira. Podiuma antolatzeko asmoz, sailkapenak jokatu dituzte partida horietan. Etxeko talde Ostadar hirugarren postua lortzear izan da, baina Urnietak irabazi du, 1-0 norgehiagoka estuaren ostean. Estuak estu, finala ere gogorra izan da. Sansek eta Usurbilek jokatu dute hura. Lehenengo txandakoak ez bezala, partida hauek 30 minutuz luzatu dira. Atera jaurtitako hainbat baloi izan dira bi ekipoen aldetik. Alabaina, azkenean, penaltietan erabaki da aurtengo irabazlea. Azken txanpan ere estu ibili arren, azkenean donostiarrek eraman dute etxera bigarren edizioko oroigarria. Ostadar saria, aldiz, Usurbilgo 11k jaso du. 

Futbolaz gain, rifak ere saldu dira euro baten truke, goiz osoan zehar. Gerora, zozketa egin da. Sariak orotarikoak izan dira; elastiko edota galtzak eta jaki zein edari goxoak, besteak beste.