LOZETena, betetzen duen boluntario lana

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 29a

LOZETeko erraldoiak dantza iazko San Silvestrean.

Aurten protagonismo bikoitza izango du San Silvestre lasterketako goizeko egitarauan. Okendo plaza alaituko du erraldoien dantzarekin eta buruhandiekin; lasterketa ederrak egingo dituzte gaztetxoek. Era berean, elkartasun pintxo-poteko onuraduna izango da

Lilura, beldurra, harridura, poza... denetariko emozioak sortzen dituzte erraldoi eta buruhandiek. Gure herrian pixkanaka gero eta ekimen gehiagotan ikusten ditugu Lasarte-Oriako Zezensuzko eta Erraldoien (LOZET) taldeko kideak kalean dantzan. Gure herritik kanpo ere ekimen ugaritan izan dira. Euren lana burutzeko Lasarte-Oriako Udalaren eta herritar ugariren laguntza duten arren, ez da nahikoa. Aurten San Silvestreko elkartasun pintxo-poteko diru bilketa elkarteari zuzenduko zaio. Sandra Rincon eta Saioa Orotegi taldeko kideekin bildu gara elkartearen gainean gehiago jakiteko.

LOZET sortu baino lehen udaletxeak zezensuzkoa eta erraldoiak ateratzeko jendea bilatzen zuela azaldu digu Rinconek eta horren harira, herritar taldetxo batek elkartea sortzeko gogoa agertu zuen. 2019an, elkarte gisa erregistratu eta lanean hasi ziren.

Taldearen aurkezpena egiteko intentzioa zuten arren, pandemiak asmoa atzeratu zuela azaldu du LOZETeko kideak eta 2021era arte ezin izan zuten ekimena egin. Herriaren ongietorriarekin pozik agertu da Rincon: "Jende asko hurbildu zen, herriaren harrera oso ona izan zen. Geroztik, elkarte bezala indartu gara. Udalak esaten zigun zein festatara joan behar genuen, eta guk erraldoiak hartu eta ateratzen ginen. Orain guk erabakitzen dugu zer egin", aipatu du Rinconek.

San Pedro Jaiak edo auzokoak izan, herriko beste elkarteekin elkarlanean aritzen da LOZET ahal duen guztietan: "Gure lehen helburua herriko gauzak mantentzea da". Eta kanpora ere ateratzen da elkartea: "Iaz Villabonan egon ginen erraldoien topaketa batean, baita Andoainen eta Antiguan ere".

Lana eta proiektuak

Baina kalean erraldoi eta buruhandiak ateratzea ez da guztia. Urtean zehar, kideek bestelako atzeko lanak egin behar dituzte, panpinak mantendu. "Buruhandiak eta erraldoiak kalean ederki egoteko atzean lana dago. Buruhandiak asko gastatzen dira. Arropak ere konpondu behar dira... Gastu asko dira", azaldu du Rinconek. Horren harira, duela gutxi buruhandiak margotu zituztela jakitera eman digu Orotegik.

Udalak emandako laguntza horrelako lanetara bideratzen du taldeak, hala ere, hamaika proiektu eta ideia ditu buruan: liburu bat, motxilak, II. Erraldoien topaketa... Horien artean lehentasuna musika aparatu berria lortzea da. "Gure emanaldiak musikari gabe ez du graziarik eta askotan txarangarik ez badugu, bozgorailu batekin atera behar gara. Hau berriki apurtu zaigu eta beste bat erosi beharko genuke", azaldu du Rinconek.

Eta Olentzero eta Mari Domingiri eskaera bat ere nabarmendu dute, erraldoi berriak.

Ane eta Peio erraldoiak eta beste batzuk ere dantzan ikusi ahal ditugu kalean. Horiek taldeko kideek egindakoak direla azaldu dute: "Tartalo edo Joan II eta guraso batek etxean egin zuen beste txiki bat ere badugu". Baina tamaina ertaineko beste erraldoi bat egotea ere gustatuko litzaieke taldeko kideei edo "parekatuak egoteko" emakumezko beste bat.

Porrotx, LOZET, San Silvestreko boluntario taldeko nahiz Oaintxe in deu! txarangako kideak, iazko urte zahar goizean.

Kide bila

"Erraldoiak kalera atera eta haurren irriak eta poztasunak asko betetzen gaitu. Horregatik lanean jarraituko dugu", nabarmendu du Orotegik. Ekimen guztietan parte hartzeko boluntario talde bat du LOZETek. Multzoa askotarikoa da eta guztiei erraldoien zaletasunak batzen dituela nabarmendu dute.

Baina deialdia egiten diete herritarrei elkartearekin bat egiteko. Zehazki, erraldoiak eramateko eta buruhandi izateko gazte jendea behar dute. "Taldean 40-50 urteko jendea dago eta batzuetan lana dela edo min hartuta daudela, ezin dituzte erraldoiak dantzatu", aipatu du Rinconek. "Erraldoi bakoitzeko bi dantzari egotea ez litzateke gaizki egongo", gaineratu du Orotegik.

Emakumeen presentzia ere bultzatu nahi dute. "Nafarroan gero eta dantzari gehiago ikusten dira eta gurean ere horrela izatea gustatuko litzaiguke. Nik Tartalo probatu nuen Villabonan eta primeran moldatu nintzen", jakitera eman du Orotegik. Horretarako, erraldoiak eramateko entseguak egiten dituztela jakinarazi dute.

Elkartea, eskertua

Horretaz guztiaz gain, LOZET eskertua dago herriko gainerako elkarte, herritar eta komertzioek eurekin izandako jarrerarengatik. "Oaintxe in deu! txarangari oso eskertuak gaude, behar izan ditugunean bertan izan direlako. Urruzolak bere furgoneta uzten digu musutruk erraldoiak eramateko. Denda eta tabernek ere laguntzen digute. Herriaren babesa oso garrantzitsua da gure lana aurrera eramateko".

Laguntza guztia ongi etorria delako, San Silvestreko pintxo-poteko diru bilketaren onuradun izateagatik pozarren daude taldeko kideak eta herritarrak gerturatzera animatzen dituzte: "Denon artean LOZET indartsu mantenduko dugu!".