ABENDUAK 24

Besoak airera eta koloreak sudurrera

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 24a

Goizekoari jarraipen bikaina eman diote arratsaldean, Oriarte Landaberri institutuan. Ikuskizun paregabea egin dute bertan Mari Domingi, Olentzero, Xixuko eta Porrotx pailazoak. Gaueko opari banaketa "besterik" ez zaie falta lasarteoriatarren bi pertsonaia kuttun horiei.

Eszenatoki gainean lagun izan dituen hiru kideei koloretako sudur bana oparitu die sudurgorriak. Olentzerori, beltza, "ametsen kolorea"; Mari Domingiri, horia, "argia eta beroa" irudikatzen dituena; Xixuko ahateari, urdina, "zerua, gure teilatua eta Lasarte-Oria harrera herria" dela sinbolizatzeko; eta Porrotxek berak, ba gorria, nola ez: "Alaitasuna, maitasuna eta elkartasuna". 

Hori guztia eta gehiago oparitu diete lau protagonistek Oriarte Landaberri lepo bete duten familiei. Irri, kantu eta, batez ere, dantza egin dute: galtzagorriak, animaliatxoak, Mari Domingiz mozorrotu diren gaztetxoak, Jalgune elkarteko lagunak... den-denak batu dira festara. 

Ongietorriaren egitaraua beteta, atseden hartu eta gaueko banaketari ekingo diote herritarrak oheratzen direnean eta (batzuek behintzat) parranda botatzen duten bitartean. Badakizue, azken uneko sorpresarik izan ez dezazuen, txintxoak izan!

Erlazionatuak

Abenduak 24: arratsaldeak emandakoa

Txintxarri Aldizkaria abe 24, 20:29 Gizartea