Euria egin arren, San Tomas azoka jendetsua izan da

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 21a

Aurten ere Ttakun Kultur Elkarteak San Tomas azoka antolatu du, Okendo plazan. Hasiera-hasieratik euri zaparrada itzela izan arren, jende mordoa bertaratu da mokaduez gozatzera. Zerririk ez da izan, baina txistorra, taloa, gaztainak, sagardoa, abestiak eta dantza abenduko jai esanguratsu honetan. 

Gabonak gainean ditugu, eta horien aurrekaria dugu San Tomas azoka. Egutegiak 21a dela adieraztean, denok baserritar jantziak soinen jartzen ditugu. Horixe bera egin dute gaur hainbat lasarteoriatarrek. Txokolatezko edo txistorrazko taloen bila joan dira asko, Okendo plazara. Nahiz eta euria gogotik egin eta denek aterpea bilatu nahi izan, giroa ederra izan da, Ttakun Kultur Elkarteak ospatutako San Tomas azokan.

Festarekin hasteko, Xumela abesbatzako kideak kantujiran aritu dira. Irteera enparantza bera izan dute. Eguraldi kaxkarragatik, bira txikia egin dute Okendotik Buenetxea tabernako estalpera joan baitira. Dena dela, alai abestu dituzte kantu mordoa. Gitarraren eta armokiaren doinuak ere izan dituzte bidelagun. Bien bitartean, buru-belarri aritu dira taloak egiten eta betetzen. Jaki goxoak ez ezik, sagardoa ere jaso dute. Ilara luzeak izan dituzte, goiz osoan zehar. Hamaiketakoa borobiltzearren, nahi izan duen orok gaztainak ere jan ahal izan ditu. 

Okendoko arkupeetan ipinita, beste hainbat postu izan dira Alboka abesbatzak eta Oporrak bakean taldeek antolatuta. Bertara ere jende ugari hurbildu da tortila patata pintxoak jatera edota oroigarririk erostera. 

Plaza dantzako kideek muxikoak aterpean dantzatu dituzte. Leku gutxi zutelarik, eszenatokira igo dira. 

Meteorologikoki goiz makala izan bada ere, festarako gogoa ez zaie falta izan lasarteoriatarrei, beste behin.

 

Erlazionatuak

San Tomas azokaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria abe 21, 15:35 Kultura