Irailean aurkeztutako Autodromo egitasmoari jarraiki, haren bigarren zatia eraman da aurrera, larunbat osoan zehar. Taldeak xede du herria argiztatzeko, askatasuna helburu duten herriko eragileei eta praktika kulturalei zein politikoei espazioa ematea. Asmo horren harira, egun osoko jardunaldi kulturala antolatu dute.
Azoka autogestionatuarekin hasi dira. Okendoko arkupeetan, sei postu ipinita, bertaratutakoek orotariko materialak eskuratu ahal izan dituzte; besteak beste, kandela aromatikoak, pegatinak, margolanak, collageak edota fanzineak. Hamaiketakoaren garaitik, bazkalordura izan dira, bertan. Herritar dexente gerturatu da enparantzara, lagunak baita larunbat goizeko erosketak egiten ari ziren lasarteoriatarrak ere. Kultura egitasmoko kideek txokolate beroa ere kozinatu dute, doan banatzeko.
Arratsaldean jarraitu dute egitarauarekin. Hasteko, ma.dame artistak kontzertu akustikoa eskaini du, Jalgi kafe antzokian. Jarraian, agerraldia egin dute, Sagardotegi plazan. Añes Apaolazak poema bat irakurri eta Hector Iñigok gitarrarekin lagundu du. Ondoren, Maitane Susinek manifestua irakurri du. Horretan ari zelarik, Kriseilu Lasarteko gazte langileon asanblada aurkeztu du. Testuinguratzeke, herrian ekintza politikoak eta kulturalak aurrera eramateko hainbat arazoetatik abiatuta proiektua dela jakinarazi du. Aurreko irailean Autodoromoaren lehenengo ekitaldia egin, eta bertan kezka horiek plazaratuta, ohartu omen ziren askoren erantzuna "Eta orain zer?" galdera izan zela. Itaun hori erantzuteko asmoz sortu da gazte langileon asanblada, hots, kezka eta eztabaida honi jarraipen bat emateko xedez. Era berean, argi utzi ditu asanbladaren bi oinarriak: independentzia politikoa eta zapalkuntza ororen aurkako borroka. Aurkezpenarekin batera gonbitea zabaldu zuen abenduaren 26an lehenengo asanblada irekira gerturatzeko herritar oro. Bilera gaztelekuan egingo da, arratsaldeko seietan. Agerraldiarekin amaitzeko, Kriseilu taldea azaltzeko bideoa proiektatu zuten.
Iluntzean, Jalgi kafe antzokira bueltatu ziren denak herriko hainbat raperoren erakustaldiaz gozatzera. Antolatzaileak pozik agertu dira jardunaldiak izandako harrera ona dela-eta, irriketan hasitako bidetik jarraitzeko, hain zuzen.