Udalak Gabonetako programazioa aurkeztu du, berriki. Agustin Valdivia alkatea eta Jaietako zinegotzi Txus Alonso izan dira agerraldian, eta biek ala biek eman dute data horietarako proposamenen berri. Nabarmendu dute eskaintza "zabal eta anitza" dela, "familia, haur eta gazteen aisialdia ospakizunen erdigunean jartzen duena".
Valdiviak gaineratu du programazioaren aurkezpena “urteko unerik desiratuenetako bat” dela, eta balioan jarri du kiroldegi berria eraikitzeko obrak martxan egonagatik, jolas parkea aurrera eramateko egindako ahalegina. Hala, gogorarazi du iaz "eredu alternatibo bat" aukeratu zutela, eta aurten finkatu egingo dela, kokapenean eta espazioen antolaketan hobekuntzak sartuta.
Aipatu parkeak adinaren arabera bereizitako bi gune izango ditu. Horietako bat 9 urtera arteko umeek erabili ahal izango dute. Michelin kirol guneko tenis pistetan jarriko dute, eta 200 metro koadroko karpa klimatizatua izango du. Puzgarriak eta jolasguneak jarriko dituzte kanpoaldean. Bigarren gunea, aldiz, gazteentzako izango da, eta iaz bezala, Loidibarren pilotalekuan izango du kokalekua.
Hilaren 22an zabalduko dute, eta urtarrilaren 5era arte izango dute haur eta gazteek bertan ibiltzeko aukera. Datei dagokionez, ordea, ohartarazpen bat egin dute: hilaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean goizez bakarrik bertaratu ahal izango dute erabiltzaileek, eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, berriz, itxita egongo da.
Ordutegia zein izango den ere zehaztu dute: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Segurtasun neurriak
Instalazioen erabilera egoki eta segurua bermatzeko, beharrezkoa denean sartzeko txandak ezartzeko aukera aurreikusi dute arduradunek. Euro bateko sarrera ordaindu beharko dute gaztetxoekin joango diren helduek. Neurri horren helburua "adingabeen gozamena lehenestea eta aforoen kontrola erraztea" da.
Ekimen gehiago
Igande honetan, berriz, abenduaren 21ean, San Tomas eguna ospatuko dute herritarrek. Ttakun Kultur Elkarteak goizetaik arratsaldera arteko egitaraua iragarri du; horien artean, 12:00etatik 14:30era talo eta txistorra postuak, musika eta animazioa iazngo dira Okendo plazan.
Abenduaren 24an, berriz, Olentzero eta Mari Domingi Lasarte-Oriara etorriko dira. Goizean herriko haur eta gaztetxoekin egongo dira, eta arratsaldean, aldiz, Okendo plazara iritsi bitartean, herrian kalejiran zeharkatuko dute.
Urtezahar gaua eta Errege Kabalgata
Abenduaren 31n, lasarteoriatarrek urtea diskofesta batekin agurtzeko aukera izango dute. Mercero inguruan jarritako karpa handi batean aurrera eramango dute hitzordu hori, saio bikoitzarekin: haurrentzako disko festa izango da arratsaldean, 19:00etatik 20:30era, eta gauekoa, ordea, goizaldeko 1:00etatik 5:00etara izango da.
Megaba elkarteak urtarrilaren 5ean aurrera eramango duen Errege kabalgata izango da Eguberrietako azken jarduera. EGun horretan, goizean, Okendo plazan egongo dira errege laguntzaileak, eta, arratsaldean, berriz, Brigidarren komentuan harrera egingo diete. Ostean, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar.
Gauzak horrela, herritarrak ekimen horietan guztietan parte hartzera animatu dituzte Agustin Valdivia alkateak eta Jaietako zinegotzi Txus Alonsok.