Urteko azken goizari agur, Buruntza menditik

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 23a

San Roke baseliza ondoko aterpean giro ederra sortzen da.

Lasarte-Oriatik Buruntzara. Urte berri egunean Adarra igo ohi den moduan, urteari amaiera bertako gailurretik ematen diote gero eta herritar gehiagok. Urte zahar eguneko goizean Buruntzara igotzeko ohitura bilakatu nahi izan du urtetan Ostadar Mendi Sailak, Ttakunen laguntzarekin.

Azken urteetan lasarteoriatar ugari animatu da gure herria, Urnieta eta Andoain banatzen dituen mendira igotzera eta giro ederra sortu da San Roke baselizako inguruetan.  

Aurten ere antolatzaileek ez dute huts egingo. Mendira igotzen direnek, 10:0etatik aurrera, zer edan eta jan izango dute baseliza ondoko aterpean. Hori bai, "eramaten duguna amaitu arte" egongo direla gogorarazten dute. Giroa berotzeko, trikitixa doinuek beteko dituzte San Rokeko inguruak.

Kirola, janaria eta musika urteko azken eguna ongi hasteko aukera polita eskainiko dute antolatzaileek.