Ate joka dugu San Tomas Azoka; etzi, hilaren 21ean ospatuko dute Lasarte-Orian, igandearekin. Askotariko jarduerak iragarri dituzte Ttakun Kultur Elkarteak eta udalak goizetik arratsaldera bitarte. Horien guztien artean, taloak jateko abagunea ere izango dute bertaratzen direnek. Jaki horiek egin eta kozinatzen, ohi bezala herriko talogile taldeko lagunak arituko dira. Jaki horiek nola prestatzen dituzten jakiteko, talde horretako bi kide elkarrizketatu ditu TXINTXARRI-k: Mari Angeles eta Haizea Elizondo. Mimoz eta xehetasunekin eman dituzte azalpenak, beraz, aurrerantzean bi protagonisten herrikideek ez dute talo onak ez prestatzeko aitzakiarik izango.
Nola hasi zineten talgoak egiten? Noiztik zarete talogile?
Mari Angeles: Umetan, baserrian ikasi nuen, 12 bat urterekin-edo hasiko nintzen. Orduan ohitura handia zegoen baserrietan-eta taloa jateko. Goizero jaten genuen.
Gerora, ikastolaren sorreran-eta aritu ginen taloak egiten. Talde koskor bat osatu genuen, eta ikastolan aurrera eramaten ziren jaialdietan-eta prestatzen genituen.
Ttakun Kultur Elkartearen sorrera etorri zen gero, eta haiek antolatzen zituzten ekimenetan ere hasi ginen talogile gisa parte hartzen.
Haizea Elizondo: Ni jaten hasi nintzen, ikastolan [barre egin du].
Etxean tarteka saiakera egiten genuen, baina ez ziren oso ondo ateratzen. Nire kuadrillako Alaitzen baserrian egiten dute, eta noizean behin, berarekin, kuadrillan egiten genituen; Xirimirin elkartzen ginen.
Dena den, nik taloak ondo egiten, hauekin [Mari Angelesi begira hitz egin du] ikasi dut. Duela zazpi bat urte-edo hasiko nintzen herriko taldean talogile gisa.
Aitortu behar dut ere izan nuela taloa oso ondo egiten duen Etxalarko lankide bat. Hari ere begiratzen nion nik, nola egin jakiteko.
M.A.: Eta orain profesora da; taloak egiten irakasten du.
Garai batean arto ugari izaten zen baserrietan.
M.A.: Bai, arto pila izaten zen, eta ogirik ez. Arto hori guztia errotara eramaten zen, han ehotu eta irina ekartzen zen etxera. Horrekin egiten genituen gero taloak, eta, normalean, esnearekin jaten genituen, goizero-goizero. Kolore gorri-gorriekin joaten ginen eskolara! [Barrez gogoratu ditu bizipen haiek].
H.E.: Ogi falta aipatu du Mari Angelesek. Francoren garaian, gari guztia estatuak maneiatzen zuen, eta orduan, hona gari irina oso gutxitan iristen zen; iristen zena ere eurek kontrolatzen zuten. Garai batean asko jaten zela ere kontatu du, eta horren harira, nik behin baino gehiagotan entzun izan ditut Baztango zaharrak esaten taloez entzun ere egin nahi ez dutela, garai batean hori baino ez zelako jaten. Oso zalea den jendea dagoen bezala, badago oraindik ere pobreen jaki gisa identifikatzen duenik. Nik egunero jango nuke.
M.A.: Nere gizonak hala esaten du, ez duela talorik jan nahi, garai batean nahiko jan zituela.
Eta zuentzat taloa zer den galdetuko banizue?
H.E.: Ez dakit, nik uste dut dela gauza bat oso gurea dena, euskaldun gisa. Hemen bakarrik jaten da nik dakidala taloa, horrela prestatuta, tratatu gabeko artoaren irinarekin egindakoa.
M.A.: Taloa etxe guztietan jaten zen, eta nik uste dut dela alimento konpleto.
H.E.: Nola esaten da orain? Superalimento, ezta? Bada garai hartako superalimento bat [barre egin dute biek, eta buruarekin baieztatu hitzok elkarri].
M.A.: Halaxe da. Pentsa, sei eta zortzi seme-alaba izaten ziren baserrietan. Nola elikatu haiek guztiak? Bada, taloari eta esneari esker. Halaxe jaten genuen guk ere: esne bero-beroan zopak eginda. Eta azukre pixka bat harrapatzen bagenuen...
H.E.: Gatzarekin ere jaten zela entzun izan dut nik.
M.A.: Bai, garai batean esneari gatza ere botatzen zitzaion.
Zeintzuk dira taloa egiteko beharrezkoak diren osagaiak?
M.A.: Taloa egiteko behar dira gatza, irina eta ur beroa. Hendaia inguruan-eta egiten dituzte, baina orea egiteko nahastu egiten dituzte ogi irina eta artoarena.
H.E.: Bai. Baztanen gari irinarekin egiten dituzte, baina beste izen bat dute: Sotopilak. Niri, ordea, arto irinarekin egindakoa gustatzen zait. Usain hori, taloarena da.
Eta zenbat osagai horietako bakoitzetik?
H.E.: Ez dago errezetarik. Irina ez dago inoiz berdin, beraz, ezin da kopururik eman. Osagai hori nola dagoen, beharko du ur gehiago edo gutxiago. Gatza, berriz, norberak botako dio eta asmatuko du gehiago ala gutxiago.
M.A.: Komeni da, hasieran ur gutxi botatzea. Maiz irudi dakiguke ez duela hartzen, baina ore hori lantzen hasten zarenean, jabetzen zara baietz, hartzen duela. Ura pixkanaka gehitzen joan behar da.
H.E.: Behar duena baino ur gehiago botatzea oso erraza da, eta gero, hori korrejitzeko, uste baino irin gehiago behar izaten da eta ez da emaitza bera lortzen.
Talo usaina aipatu duzu, Haizea. Nolakoa da usain hori?
H.E.: Arto usaina. Arto irina egin berria baldin bada, irin hori berria bada, etortzen zaizun usain hori. Plantxan jartzen duzunean taloa, hori da talo usaina. Ez dago beste inon usain hori.
Ba al dago garai bateko taloaren eta egungoaren artean alderik, Mari Angeles?
M.A.: Jakia bera dela uste dut nik. Agian aipa daiteke garai batean talo zapia erabiltzen zela, eta horren gainean zabaltzen zen. Orain, berriz, irina botatzen dugu ohola gainean, eta hor jotzen dugu orea.
Eta behin osagai guztiak eskura izanda, nola egiten da ore ona? Zer da ezinbestekoa?
M.A.: Orea behar da ondo landu.
H.E.: Eta irina nolakoa izan behar da, Mari Angeles?
M.A.: Irinak izan behar du eho berria.
H.E.: Hori da ore ona egiteko gakoa. Errotatik ekarritako irin eho berria, horixe onena.
M. A.: Ontzi ipurdira pegatu gabe landu behar da masa, erabat garbi utzi arte, bola egin arte.
H.E.: Niri erakutsi zidaten, ore ona dela eskuetan itsasten ez dena, eta aldi berean pilotatxoa zanpatutakoan, bazterretatik zartatzen ez dena. Hori da orearen puntua. Eta gero, ahalik eta finena zabaldu behar, eta zabaldu bezain laster erre. Izan ere, kozinatu gabe denbora luzez uzteak txartu egiten du. Soberan geratzen den oreak ez du ezertarako balio, hortaz, onena dena egin eta dena jatea.
Eta hori egiteko zein material erabiltzen duzue?
H.E.: Orea egiteko ontzi bat, eta egurrezko ohol bat erabiltzen ditugu gero ore hori jotzeko. Batzuek espatula ere erabiltzen dute, baina nik ez.
Orea jo egin behar da, beraz. Horrek ere badu bere garrantzia: jotzeak.
H.E.: Bai. Izan behar du kolpea, izan ere, bultza egiten badiozu, itsatsi egingo baita. Ez da zanpatu behar, egin behar da, jo. Bakoitzak bere modua du, noski. [Haizeak azalpenok eman bitartean, Mari Angelesek eskuarekin mahaia jota erakutsi du nola egiten duen berak].
Zein da taloak egiteko zure modua, Haizea?
H.E.: Nik egiten dut pilota bat, arrautza handi baten tamainakoa-edo. Eskutan hartuta zanpatzen dut gero, hanburgesa baten itxurakoa geratu arte, bazterrak ahal bezain itxiak utzita. Hori, noski, eskuetan irina dudala, hori bai, orea ez itsasteko. Eta gero, oholari botatzen diot irin pixka bat, orea bertan jarri eta joaten naiz jotzen eta jiratzen, jotzen eta jiratzen, gutxi gorabehera alde guztietatik berdin kolpatzeko.
Itsasten hasten baldin bazait, kentzen dut oholetik, botatzen diot irin pixka bat, eta berriz ere alde beretik jartzen dut egurraren gainean. Beti orearen alde bera jotzen dut. Horrela egiten dut nik, eta uste dut nahiko ondo moldatzen naizela. Beste batek esango dizu beste era batera egiten duela.
Eta zuk, Mari Angeles, nola egiten dituzu?
M.A.: Ni bolak zabaltzen gutxi aritzen naiz orain; orea egiten nahikoa lan izaten dut. Pila bat egin behar izaten da!
Zuek taloa nahiago duzue betea edo hutsa?
H.E.: Nik beti beteta. Beti gaztarekin, eta beste osagairen bat gehitzeko aukera bada ere ederki. Hori da onena niretzako: gazta taloa. Hutsik ere jaten dut gustura, baina nahiago betea. Esnetan bustia ere gustatzen zait, baina, esan bezala, aukeran, gaztarekin.
M.A.: Nik ere nahiago beteta. Gaztarekin oso goxoa da, bai, baita txistorra pixka batekin ere.
San Tomas Egunaren aitzakian herriko gaztetxoei taloak nola egin erakusten aritzen zarete. Aurtengoan ere parte hartu duzue Ikastaloa-n. Nola bizi duzue transmisio hori?
M.A.: Nik etorkizun bat ikusten dut; izan beharko luke hala. Umeak gustura etortzen dira, eta nik uste dut saiatzen garela transmisio horretan. Herri guztiak daki orain taloa egiten.
H.E.: Jakin bai, baina praktikatu egin behar da gero [barre egin du]. Arrakasta handia du ikastaroak, bai. Etorkizuneko talogileak izan daitezke, beste kontu bat da gure talogileon taldean erreleboarekin zer gertatuko den.
Bada orain dela urte pare bat urte ni baino gazteagoak pare bat-edo batu ziren taldera, baina bestela, gazteena, ni eta 44 urte ditut. Erretiratzen hasten baldin badira taldekide batzuk, bakarrik geratuko naiz [barre egin du].
Ikastaldi horretako partaideren bat, agian, talogileen taldeko kide izango da hemendik urte batzuetara.
M.A.: Etorriko dira, ziur naiz baietz.