Eguberrietan murrizketak egingo dituztela salatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 18a

Andatza plazan atzo egin zuten azokan (asteazkenerokoan, alegia) banatu zituzten eskuorrietan hauxe irakur zitekeen, hizki larriz: "Gabonetan, Lehen Mailako Arretan, berriz ere murrizketak". LOOPA Lasarte-Oriako Osasun Publikoaren Aldeko plataformako kideak postuz postu ibili ziren tarte batez, erosketak egitera joan ziren bezeroei datozen egun eta asteetan gertatuko denaz ohartaraztera: "Zerbitzuak berrantolatuko dituztela dio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak baina gutxitzeak izango dira, azken urteetan gertatu den bezala".

Uste hori berresteko adibide ugari zerrendatu dituzte: ordutegiak murriztuko dituztela osasun zentro gehienetan, baita zenbait egunetan itxi ere; badaudela medikurik gabeko anbulategiak eta EAG Etengabeko Arreta Guneak; langile falta eta horrek eragiten dituen gainkarga, arreta denboren laburtzea edota prebentzioko zein osasun komunitarioko jarduna mugatzea; itxaron zerrendak ugaritzea; eta neurri horiek guztiak ez direla puntualak, "egiturazkoak" baizik, "urtean bost hilabetez" gertatzen direlako. Horrez gain, "mesede" egiten diete klinika eta aseguru pribatuei.

"Ezin dugu normalizatu esparru publikoaren narriadura planifikatua", gehitu dute LOOPAko kideek. Lehen Mailako Arretak baliabide ekonomiko eta sozialak behar dituela azpimarratu dute, "urte osoan zehar funtzionatuko duela eta bermatzeko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko". Amaitzeko, "denona den osasuna" defendatzeko aldarria egin dute.