Lasarte-Oria eta Urnieta lotuko dituen bidegorri berriaren lanak bisitatu dituzte, gaur goizean, Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok, Agustin Valdivia alkateak eta Urnietako alkate Jorde Seguradok. Horiekin izan da ere Urnietako Jasangarritasun Energetikoa saileko zinegotzi Herme Gonzalez.
Asensiok hartu du hitza agerraldiari hasiera emateko, eta esan, aipatu proiektuak "lantzen ari diren lurralde eredua" irudikatzen duela. Lurralde eredu horren nolakotasunaren gaineko xehetasunak ere eman ditu: "Mugikortasun aktiboaren aldeko apustua egiten duen lurraldea da, emisioak murrizten dituena eta pertsonak erdigunean jartzen dituena". Gauzak horrela, gaineratu du bidegorri berriak ahalbidetzen duela udalerrien arteko konexio "seguruago eta irisgarriagoa", eta "natura balio handiko espazioak berreskuratzea", herritarrek egunero erabil ditzaten. Ildo beretik, azpimarratu du gauzatzen ari diren bidegorriak "aurrerapen nabarmena" markatzen duela "mugikortasun garbiago eta irisgarriago baterantz". Adierazoenok egin ditu jarraian:: "Ibilbide seguru, eroso eta ingurunean erabat integratua eskaintzea ahalbidetuko du, eta aldi berean, emisioak murrizten lagunduko du".
Funtsezko azpiegitura mugikortasun aktiborako
Bidegorriaren ibilbideak Azkorteko bidea Urnietako bide sarearekin lotuko du, Plazaolako trenbide plataforma zaharraren zati bat berreskuratuta. Esku hartzea hiru zatitan egituratuta dago:
- Azkorte – tunelaren iparraldeko ahoa: 225 metroko egokitzapena.
- Plazaolako tunela: 542 metroko egokitzapena eta errefortzua.
- Hegoaldeko ahoa – Urnieta: 502 metro, udal-sarearekin lotu arte.
Gauzatuko dituzten lanak, berriz, zoladura, drainatzea, seinaleztepena eta argiztapen puntuala izango dira, eta arestian aipau moduan, horiek egiteko zortzi hilabeteko epea beharko dute. Gauzak horrela, 2026ko uda amaieran egongo da erabilgarri bidegorria.
Bi udalerrietako alkateen adierazpenak
Agustin Valdivia alkate Agustín Valdiviak hitz egin du gero, eta administrazioen arteko lankidetzari egin dio azpimarra: "Proiektu hau Lasarte-Oriarako eta gure ingurunerako nahi dugun gobernantza ereduaren adibide ona da: instituzioek elkarrekin helburu komun batekin lan egiten dugunean, gai gara mugikortasun alternatiba seguruak, erosoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoak eskaintzeko. Bidegorri berriak Lasarte-Oria eta Urnietaren arteko lotura indartu eta Buruntzaldeko bide sareari bultzada emango dio, pertsonak gure erabakien erdigunean jarrita".
Urnietako alkate Jorge Segurado ere mintzatu da gaiaz. Adierazi du Urnieta eta Lasarte-Oria arteko lotura hobetuko duen bidegorri berriak "mugikortasun jasangarria" sustatuko duela, eta "bizikletaren erabilera eta oinezko joan-etorriak! bultzatuko dituela. Hala. azaldu du horrek "naturara hurbiltzeko eta ingurune pribilegiatu horretaz gozatzeko" ere balioko duela. Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen dituen Plazaolako trazaduraren balio estrategikoa ere azpimarratu du Seguradok. Era berean, eskerrak eman dizkio Aldundiari udalerriarentzako estrategikoa den proiektu hori bultzatu eta "hain azkar" gauzatzeagatik.
"Lurralde berdeago batekiko konpromisoa"
Jarduera horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak aurrera egiten du mugikortasun aktibo moderno, seguru eta konektatuko sare bat eraikitzen, kutsatzen ez duten garraiobideak bultzatuz eta bizi ohitura osasungarriagoak sustatuz.