Mirentxu eraikin dotoreari ateratarako argazkiak ilustratuko du Lasarte-Oriako Udalaren 2026eko egutegiaren azala, baita martxoko hilabetea ere. Juan Ramon Chinchilla herritarra izan da horien egilea eta orotara 150 euro poltsikoratu ditu erosketa txarteletan, horiek gero tokiko komertzioetan erabiltzeko. Beste 11 irudi hautatu ditu epaimahaiak: elurtutako Azkorte bidea; Brigitarren komentu atzealdetik ikusitako ilunabarra; Zabaleta Berri auzoko larreetako zaldiak; Erribera kaleko bidegorria; San Joan sua Andatza plazan; sanpedroetako kontzertu bateko giroa; Plazaolako Landa Parkeko ortu ekologikoetako egurrezko etxola; Oria ibaia; ibai ondoko pasealekuko bidegorrian barrena ibili ziren bi lasterkari, krosa prestatzen; Zatarain auzoa eta atzerago Buruntza mendia, Zabaletatik ikusita; eta Ama Brigitarren komentuko jaiotza argitsua.
Horien guztien egileek 100 euroko bonu bana jaso dute. Egutegia irudikatzen lagundu duten partaide guztien lana goraipatu du Agustin Valdivia alkateak: "Gure herriari buruzko begirada hurbila erakusten digu lehiaketa honek, bertan egunero bizi direnek eraikitakoa". Gaineratu du gisa horretako jarduerek balio dutela "komunitatea sortzeko" eta "integrazio sozioekonomikoa" bultzatzeko.
Udaleko Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandezek azaldu du zergatik saritzen dituzten dendetan erabiltzeko erosketa txartelekin: "Tokiko merkatarien protagonismoaren eta gure herriaren balioa mantentzearen aldeko apustua da: kohesio soziala eta jarduera ekonomikoa indartzen ari gara aldi berean".
Udal ordezkariek jakinarazi dute hasi direla egutegi horiek etxez etxe banatzen. Horrekin batera, urtea ongi amaitzea eta datorrena ongi astea opatu die lasarteoriatarrei.
Hirugarren edizioko saridunak
Udalak hirugarrenez antolatu du Lasarte-Oria zure objektiboan argazki lehiaketa. Hauek izan dira saridunak, hilabeteka:
| URTARRILA | Miren Josune Negredo Iturrioz |
| OTSAILA | Maria Lurdes Garin Iñorbe |
| MARTXOA (AZALEKO ARGAZKIA ERE BADA) | Juan Ramon Chinchilla Miguel |
| APIRILA | David Gracia Estañan |
| MAIATZA | Maria Karem Reyes Perez |
| EKAINA | Tamara Galdin Carrasco |
| UZTAILA | Ane Miren Balda Rebollo |
| ABUZTUA | Shaira Nahir Aciar Alvarez |
| IRAILA | Oscar Garcia Jimeno |
| URRIA | Javier Pastor Torrens |
| AZAROA |
Angela Vicario Peña |
| ABENDUA |
Eneko Sanchez Jimenez |
