Xabat Martin, bigarren Bordelen

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 17a

Xabat Martin (ezkerrean), Bordeleko probako podiumean. Arg.: M.A. Martin.

Donostiako belodromoan Gipuzkoako kopako atsedenaldiaz baliatuz, Gipuzkoako selekzioak Bordelera (Frantzia) egin zuen bidaia hilaren 14an eta Xabat Martin herritarra izan zen selekzioko kideetako bat. Txirrindulari gaztea Trophée Bébert Lesbats lehiaketan parte hartu eta 17 urtez azpiko mailan zilarrezko domina jantzi zuen

Proba ezberdinak burutu zituzten. Scracht eta kanporaketa saioetan bigarren postuan sailkatu zen Martin; puntuazio lehian, aldiz, lau puntu eskuratu zituen esprintetan. Hala ere, lehen bi lehietan eskuratutako puntuei esker, bigarren mantendu zen eta podiumera igo zen.

Kopako lehia

Martinek eta Andoaingo Txirrindulari Eskolako herriko kideek ez dute atsedenik izango Eguberrietan; Gipuzkoa kopako hitzorduak izango dituzte hilaren 20an eta 28an eta urtarrilaren 3an.

Lehiaketako laugarren saioa, aldiz, hilaren 6an jokatu zuten. Martin kadete A multzoan lehiatu eta seigarren postuan amaitu zuen saioa. Horri esker, txapelketako sailkapen orokorreko lehen postua mantentzen du. 

Beste bi herritar ere izan ziren lehian. Taldekide Dario Gomez kategoria bereko B taldean aritu zen eta junior B lehian, Luken Garmendia.

Gazteenek scratch, tempo eta puntuazio lasterketak lehiatu zituzten; juniorrek, aldiz, azken biak.