Grapa eta Bellum taldeek joko dute Xirimirin, ostiralean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025eko abenduaren 17a

Antolatzaileek jaialdia iragartzeko egin duten kartela. Irudia: Gure Lasarte Zikina.

Grapa eta Bellum taldeak gonbidatuko dituzte Gure Lasarte Zikina egitasmoko kideek etzi, hilak 19, Xirimiri elkartera. 20:00etan hasiko dira kontzertuak eta sarrerek 5 euro balio dute.

Hiru bergararrek eta zumaiar batek osatzen dute Grapako laukotea. Hasiberriak dira eta punk klasikoa jotzen dute, 90. hamarkadako doinuetan oinarrituta. "Punk elegantea", ekimenaren antolatzaileek definitu dutenez.

Bellum, berriz, hiru getariarrek osatzen dute eta "doinu poperoak" jorratzen dituzte, "betiere punkaren esentzia galdu gabe". Zuzeneko "motzak bezain biziak" ematen dituzte, Xirimirira joaten direnek egiaztatuko dutenez.