Lasarte-Oriako Udalak herriko jaiak antolatzeko parte hartze prozesua hilabete aurreratzea erabaki du; kontratazioak egiteko denbora gehiago izateko hartu dute erabaki hori. Horren berri eman dute gaur goizean Herritarren Partaidetza departamentuko zinegotzi Nagore Duranek eta Jaiak saileko Txus Alonsok. Duranek berak jakinarazi du datorren astelehenetik, hilak 22, eman ahal izango dituztela euren iritziak herritarrek, eta horretarako azken eguna urtarrilaren 6a izango dela.
Proposamenak egiteko bi aukera izango dituzte interesdunek. Batetik, etxez-etxe banatuko diren eskuorriak erabili ahal izango dituzte. Horik bete eta parte hartze postontzietan utzi beharko dituzte. Honako espazioetan daude aipatu postontzi horiek: Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroa, Manuel Lekuona Kultur Etxea, Gaztelekua, udaletxea (eraikin zaharreko arkupeetan) eta Maialen Chourraut kiroldegia. Bestetik, berriz, sarean ere eman ahal izango dira iritziak. Horretarako udalaren web ataria erabili beharko dute.
Alonsok, berriz, parte hartze prozesuaren bi ardatz nagusiak azaldu ditu. Esan du lasarteoriatarrek batetik, jarduerak eta musika taldeak (Euskal Herrikoak nahiz Espainiar Estatukoak) proposatu ahalko dituztela, eta, bestetik, berriz, festetako omendua zein norbanako edo kolektibo izango den. Oroitarazi du aintzatespen hori nork merezi duen zehazterakoan arrazoitu egin beharko dutela iradokizuna, udalerriaren alde egindako lana edo orain arteko ibilbidea kontuan hartuta.
Hala, azpimarratu du parte hartze prozesuaren garrantzia: "Herritarrek parte hartzea oso garrantzitsua da. Horiengandik jasotzen ditugun proposamenek laguntzen dute egitaraua osatu eta aberasten. Ez hori bakarrik, ordea, guri ere zenbait jarduera eta musika talderen berri izaten ere laguntzen digute". Gauzak horrela, agertu du ahalik eta herritar gehienek parte hartzeko nahia.
Agerraldia amaitu aurretik, datorren urteko San Pedro Jaiak zein datatan ospatuko diren ere iragarri du: ekainaren 26tik 30era.