Musikaren bitartez iluntasuna argituko dute

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 15a

Albokako abeslarien iazko Gabonetako kontzertua. Argazkia: Alboka Abesbatza.

Ez da giro munduan: zarata, manipulazioa, ideia nahasketak, desinformazioa... Iluna da panorama orokorra. Horrek ez du esan nahi, halere, besoak gurutzatuta geratu eta ezer egin behar ez denik. Bakoitzak beretik lagundu dezake erabat beltza dirudien hori argitzen. Helburu horrekin antolatu du Alboka Abesbatzak emanaldi berezia, Eguberrien aurrekoa, hilaren 20an. Ama Brigitarren komentuan egingo dute 'Iluntasunean Argi' izeneko emanaldia, 19:30etik aurrera. "Musika eta barne hausnarketa" uztartuko dituzte saio horretan zehar.

Une "gogorrak" bizi ditugun arren (gerrak, botere borrokak...), gizatasunak existitzen jarraitzen duela erakutsiko dute herriko taldeko kideek, izan ere, kontzertuan zehar eskainiko dituzten lanekin "maitasunaren eta itxaropenaren argi izpia" loratu nahi dute bertaratuko diren ikus-entzuleengan. Horretarako, John Rutter, Ola Gjeilo, Iker Gonzalez edota Eva Ugalderen zenbait pieza erakutsiko dituzte.

CEAR elkarteari laguntza

Musika emanaldiarekin bakarrik ez, diru bilketarekin ere mundua hobetzen lagunduko dute Albokako lagunek. Jakinarazi dute kontzertura joaten direnek dohaintza egin ahalko diotela CEAR Euskadiko Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordeari. Eragile horrek 45 urte baino gehiago daramatza egoera zaurgarrian dauden pertsonen eskubideen alde, asilokoa barne; lege eta gizarte laguntza ematen diete. Izan Inurri izan zen onuraduna iaz, eta aurten, aipatu elkarte hori. Ekarpen ekonomikoak erraz jasotze aldera, komentu sarreran eltxetxu bat jarriko dutela iragarri dute, ikus-entzuleek donazioak egin ditzaten.

Horrez gain, Albokakoek ez dituzte ahaztuko beraien proiektua eusten duten bazkideak: horietako bik Eguberrietako produktuz betetako otar bana eramango dute etxera, zozketa bidez. Datozen egunetan burutuko dute ariketa hori eta euren sare sozialetan nahiz TXINTXARRI aldizkariaren atari digitalean iragarriko dituzte saridunak. Zorte ona opatu die parte hartzaile guztiei.

Amaitzeko, aurreratu dute hilaren 20koa ez dela garaiotan aurrera eramango duten jarduera bakarra izango, lau egun geroago kantuan ibiliko direlako udalerrian barrena, noiz eta Olentzero, Mari Domingi eta beraien laguntxoak guregana etorriko direnean. Hilaren 24ko giroa are bereziago bilakatuko dute euren ahotsekin.

Bi kontzertu horien aurretik, Donostiako udaletxean ere jardun ziren Albokakoak, albistea ilustratzen duen argazkian ikus dezakezuenez.