Igande honetako ajeak ez du gainerakoekin zerikusirik. Fisikoa da, baina, batez ere, emozionala. Herriko topaleku ohikoenaren kudeatzaile izandako Edorta Aldazabal eta Lorena Saenzi aitortza ospakizun hunkigarria egin diete lagun, lankide eta bezeroek. Zubietako elkartean bazkalduta ekin zioten omenaldiari; horren aurretik, herri horretako plazan Aurreskua dantzatu eta txapel eta zapi bana oparitu zieten.
Bazkalostean jarraitu zuten parranda, Ilargi tabernan. Non bestela? Garagardo, konbinadu, ardo edota sagardo, etapa garrantzitsu baten itxiera ospatu zuten, hurrengo faseari ongietorria egitearekin batera. Hori baita bizitza honetako gauza politena: bukaera guztiek (edo ia guztiek) hasiera berri eta ilusionagarriak dakartzatela beraiekin. Zuengatik topa egiten jarraituko dugu Edorta eta Lore, besoetako minagatik kopak eta edalontziak altxatzeko gai ez izatera iritsi arte. Eskerrik asko, bikote!