Jaia preparatu zuten larunbat goizerako ILBEko kideek. Iñigo de Loiolako plazan bi postu jarri zuten, bata tiketak erosteko eta bestea Etxezarreta harategiko txistorra eta edaria hartzeko. Jende ugari gertatu zen; auzotarra izan ala ez. Eguraldia ederra zen, argitsua eta epela eguzkiak berotutako txokoetan, eta dagoeneko alaia zen giroa animatzeko, DJ Karpinek musika ipini zuen festaren hasieratik amaiera arte, hots, bazkalordura arte. Hori ez ezik, Kilkerband txaranga ere kalera irten zen baserritarrez jantzita, enparantza eta inguruko kaleak doinuez betetzeko asmoz. Larunbatekoa erdiguneko lehenengo txistorra jana izan zen, baina datorren urteetan aurtengoaren lekukoa hartuko dute, ziurrenik.