Ibisate, Ongay eta Moralesen ahalegina eta ibilbideak aitortu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 13a

2025. urtea amaitzear delarik, Udalak herriko hiru kirolari saritu ditu azken hilabeteotan egindako esfortzua balioan jartzeko. Sari banaketa Kirolaren XI. Galan eraman da aurrera, ohiko legez.  

Gala Verdini taldeak ireki du. Dantzariak pixkanaka-pixkanaka oholtzaratu dira. Hasieran, laupabost kide ziren. Jarraian, beste hainbeste batu zaizkie. Malgutasuna eta koordinazioa lagun, emanaldi dotorea eskaini dute. Txaloekin amaitu dute, eta haiekin batera galako aurkezle Oihana Picosek hartu du mikrofonoa. Ongietorria egin die auditoriora bertaratutako lagunei, udalbatzari eta saritutako kirolari zein euren hurkoei. Era berean, atleta horien lana aitortu nahi izan du. Izan ere, Picosen ustez, euren ahaleginarekin Lasarte-Oriaren izena "goraipatzen" dute. Jarraian, lasarteoriatarrek praktikatzen dituzten askotariko kirolak erakutsi dituzte berariazko bideo baten bidez.

Udalbatzaren txanda izan da hurrena Kirol Zinegotzi Goizalde Pildainek eta alkate Agustin Valdiviak zenbait hitz esan baitituzte. Biek ala biek kirolaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute gorputza osasuntsu izateko balio izateaz gain, arima elikatzen duelako. Orobat, ariketa fisikoa balioez jostea ere beharrezkotzat eman dute; besteak beste, elkartasunez, diziplinaz eta aurkariarekiko errespetuaz. 

Amaitu aurretik, Valdiviak hitz batzuk eskaini dizkio omendutako bakoitzari. Urteko kirolarien modalitateak ekialdetik datoztela azpimarratuta, Didac Moralesi azken urteko palmaresa txalotu dio, denbora gutxian lortutako garaipen mordoak izan dira-eta. Maria Ongay judokari buruz aritzean, hamarkadetan zehar ondutako lana goraipatu du, baita kirolera bueltatzearekoan lortutako medailak ere. Jon Ibisateri buruz jardutean, alkateak umoretik jo du kirol ibilbideak kasik bere bizitza osorik hartzen baitu, 25 urte, hain zuzen. 

Merezitako omenaldia 

Kategoria bakoitza aurkeztu eta proposatutako sarituen izenen zerrenda adierazi du. Horrekin batera, aurkezleak esplikatu du omendua hautatzeko prozesua zer-nolakoa izan den. Emakumezko kirolari onenaren sariarekin hasi eta Maria Ongay judokaren gaineko hainbat kontu kontatu ditu Picosek. Esaterako, zazpi urterekin hasi zela, Madrilen bizi zenean, eta Espainiko txapelketa askotan parte hartu zuela. Gehitzeko, jakinarazi du 19 urterekin Lasartera etorri eta 23 urterekin kirola utzi behar izan zuela haurdun baitzen. 16 urte beranduago eta bere urtebetetze egunean, gaineratu du judoan berriro aritzera animatu eta geroztik beteranoen Espainiko txapelketa urrezko domina lortu duela. Bere karreraren errepasoa eginda, Pildainek eta Valdiviak lore sorta, Zurmailu Elkarteak egindako zurezko oroigarria eta txapela eman diote Ongayri. Gainontzeko sarituekin bera egin dute. 

Moralesen kasua interesgarria da duela bi urte hasi zelako Jiu Jitsua praktikatzen lagun batzurengatik, eta urtebeteren bueltan, urrezko sei domina lortu ditu, zilarrezko hiru eta brontzezko bat. 

Azkenik, Ibisate izan da protagonista. Hamaika urte zituelarik errugbian hasi zen bere aitak Mitxelingo kirolgunera eramatean. Hemezortzi urte beteta utzi zuen errugbia, eta garai berean, epaile laguntzaile lagunetan aritu zen ohorezko mailan, internazionalki. Geroztik, hainbat mailetan egin du, baita Sei Nazioen txapelketan ere. 

Oroigarriak banatuta, aurkezleak elkarrizketatu egin ditu hiru saridunak. Ongayri babesaren inguruan galdetuta, bere familiarekin eta bikotearekin akordatu da judoka, euren sostengua "ezinbestekoa" baitzaio. Horrekin batera, bere lagunak ere gogora ekarri ditu norgehiagokak bakarrik egin arren, entrenamenduak binaka egiten baitira. Kirolera egindako buelta "zaila" dela aitortu du, eta lortutako emaitzak "ezustekoak" izan direla. Dena dela, ondorioen oinarrian ahalegin handia omen dago. 

Jiu Jitsu brasildarra praktikatzen duen lasarteoriatarraren kasuan, Picosek lortutako palmaresak zein "sakrifizio" suposatu dion galdetuta, Moralesek adierazi du ez duela inolako sakrifiziorik egin kirol horretan aritzea "asko" gustatzen zaiolako. Hortaz, ez du halakorik identifikatzen. 

Ibisatek desirak izan ditu hizketagai. Aurkezleak bere ametsik handiena zein den galdetu eta epaileak bi erantzun eman ditu. Alde batetik, bere ustez "altuena" errugbiko mundiala epaitzea, eta bestetik, "hankak lurrean jarrita" 20 urte azpiko mundiala ere gustatuko litzaiokeela aitortu du. 

Erketz taldeko hiru dantzariek agurra dantzatu, eta Verdinik itxi du gala hasi bezala, dantzan. 

Erlazionatuak

Kirolaren XI. Galaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria abe 14, 20:05 Kirola